Trukuzikin elkarteak antolatuta, ekaina hasieran ekaitzen arriskuagatik bertan behera geratu zen skate festa egin dute gaur Bergarako Labegaraietako skate-parkean eta inguruetan.
"Primerako giroa izan dugu gaur. Azken orduan esan dugu eguna zein izango zen, eta nahiago genuen akaso jende gehiago gerturatu izana. Baina oso pozik gaude, ondo joan da" azaldu du elkarteko kide Joxe Mari Larrañagak, eta gaineratu Olinpiar Jokoak-eta tarteko beste toki batzuetan indarra hartzen ari den kirolari hemen ere bultzada bat ematea izan dela gaurko festaren helburuetako bat. Jendea skatea praktikatzera ere animatu du Larrañagak: "Bergaran orain dela gutxi berritutako azpiegiturak ditugu, eta bertan elkartekoak beti gaude laguntzeko prest. Kirol honi esker, gainera, lagun handiak egiten dituzu: ezagutzen ez duzun nonbaitera joan arren besoak zabalik hartzen zaituzte, eta guk ere halaxe egiten dugu".
Askotariko ekintzak
Herriko bertako, bailarako eta kanpoko zaleak erakarri ditu prestatutako egitarauak. Goizean, gaztetxoenak izan dira protagonista skate ikastaroarekin, eta bertaratu direnekin bazkaltzeko parrillada egin ostean, txapelketen txanda etorri da arratsaldean. Hamar skaterrek hartu dute parte gaztetxoen mailan; helduan artean, hamabost bat lagunek. Behin egin beharrekoak eginda, Nara Roman izan da haurretan irabazlea, eta Alberto Blanco Nano santurtziarra gailendu da helduen artean. Azkaiter Peloxen emanaldiarekin borobildu dute eguna.
Txapelketako emaitzak
Gaztetxoak:
1.- Nara Roman
2.- Mikel Iturbe
3.- Jon Herran
Nagusiak:
1.- Andoni Blanco, Nano
2.- Mattin Rozas
3.- Mikel Aginagalde
4.- Danel Zabala
5.- Danel Iriondo