Neguan eta udan egin ohi dute merkealdi azoka Bergarako Bedelkar elkarteko dendek eta aurten ere halaxe egin dute. Gainera, beherapenen denboraldia ere gaur bertan hasi da. San Martzial ospakizunen datatik gertu izaten da udako merkealdi azoka eta udaberri nahiz udako produktuak kalera ateratzen dituzte dendariek deskontuekin. Festa giroa ere jarri dute egun hauetan, atzo arratsaldean, esaterako, Gazte-Leku txaranga ibili baitzen kaleetan zehar, eta gaur goizean, berriz, herriko trikitilarien txanda izan da.
Bergararrek dendara sartu barik ukitu eta ikusi ahal izan dituzte komertzietako zenbait produktu eta Igarza Mertzeriako Monika Gallastegi eta Joka jantzi dendako Ainhoa Garitanok azaldu dute herritarrak gehiago animatzen direla euren eskaintza kalera ateratzen dutenean.
Herritarren eta saltokien arteko muga
Bi dendariek adierazi dute eguraldi ona egiten duenean jende gehiago animatzen dela, eta egun hauetan ohi baino jende gehiago ibili dela: "Oraingoz ez du eguraldi ona egin. Baina egun hauetan aprobetxatzen baduzu udaberri-udako arropa erosteko eta gainera, deskontuarekin ba...".
Bere horretan, Garitanok dio herritarrei asko kostatzen zaiela denda barrura sartzea: "Arropa kanpora atera eta ukitzea asko gustatzen zaie herritarrei. Ekimenak hori ahalbidetzen du, eta horrela, ondoren, barrura sartzen dira. Genero gehiago daukagu eta kanpoan lau gauza izateak asko mugitzen du".
Era berean, herrian erosteko deia egin die herritarrei: "Nahi duguna da herrian bizitzea. Bakoitzak bere estiloak ditu eta gauza politak dauzkagu herrian".