Eibarko Kokein taldea izango da Usondo parkeko oholtza estreinatuko duen taldea, 22:00etan hasita. Horrela, joan den abenduan kaleratutako diskoa aurkeztu ahal izango diete bertaratutako entzule guztiei; kontzertua doakoa izango da. Ez da Bergarara etorriko diren lehenengo aldia, baina herritarrei euren lan berria eskaintzeko "gogo handiz" daudela aitortu du Zaloa Urainek, taldeko abeslariak.
'Atomika' Bergaran
Atomika izenez bataiatu zuen taldeak zazpigarren lana. 2022ko abenduaren 2an jarri zuten plataforma guztietan entzungai eta dagoeneko Euskal Herriko hainbat tokitatik pasa dira euren lan berria aurkezteko.
Atomika Tour-ean orain arte eskaini dituzten kontzertuetan "bihotzak beteta" amaitu dutela aitortu du Urainek. Diskoa bera atera aurretik eginiko lanarekin ere pozik gelditu ziren, baina irrikan egon dira prozesu osoa amaitu eta oholtza gainera igotzeko. Bergarako ikuskizunetik gauza bera espero dute eta "entzule guztiak gozatzea eta dantzan jartzea" da Kokeinen helburua.
Atomika lana osatzen duten zortzi abestiekin bi gauza nagusi transmititu nahi izan du Kokeinek. "Kontzienteki, momentuan bizitako sentimenduak azaleratu nahi izan ditugu; inkontzienteki, berriz, pandemia urteetan izandako hutsunea dantzaz betetzea", azaldu du abeslariak.
Debora luzez egon zen Kokein taldea estudioan sartuta, abenduan argitaratu zuen laneko azken ukituak eman nahian. Denbora hartan guztian oholtzak alde batera utzi behar izan zituzten, baina, berriro kontzertuetara itzulita, Urainek dio "oholtza gainean sentitzen den adrenalina hori izugarria" dela. Hala ere, ezberdindu egiten ditu oholtza eta estudioa, eta azken horri ere garrantzi handia ematen dio: "Estudioko momentuak zoragarriak dira. Mundu guztia alde batera utzi eta norberak guztiz kontzentratuta egon behar du horretara; buruan dituzun beste gauza guztiak alde batera uzteko momentua da".
Kontzertuaz gozatzea eta gozaraztea nahi dute Kokeineko taldekideek
Atomika diskoa osatzen duten zortzi kantuak aurkeztuko dituzte Usondo parkean, baina, horretaz gain, "atzetik datozen beste abesti eder guztiak" ez dituzte albo batera utzi nahi, eta horietako batzuk ere abestuko dituzte zapatuan.
Kokeineko kideek burua biran eta Atomika diskoaz gozatzean badute ere, Urainek dio ez duela hurrengo lan potolo bat "baztertzeko gogorik. Beti daukagu interes berriak eta gauza berriak egiteko gogoa". Hala ere, eta oraingoz, behintzat, "aurreko urtean zehar egindako lanaz gozatzea" dute helburu.
Hutsun eta Jel Trio eguaztenean
Bergarako Udalak antolatutako kultur ekimenek aurrera jarraitzen dute, eta, Kokeinen ostean, Hutsun eta Jel Trio taldeek elkarrekin eskainiko dute kontzertua Usondo parkean, uztailaren 5ean.
Iruñeko txalapartariek Jel Trio taldearekin batera eskainiko duten emanaldia 22:00etan hasiko da.
Gorlako kantinan kontzertuak
Gaur, egubakoitza, arratsaldeko zazpietan hasita, Dei taldeak kontzertua egingo du Gorlako kantinan.
Horretaz gain, uztailaren 15ean, 17:00etan hasita, hainbat kontzerturekin gozatzeko aukera izango dute entzuleek. Alde batetik, Bergarako Laino Beltzak eta Burugabe taldeek joko dute; beste alde batetik, Arrasateko Hankaz Gora eta El Volquete izango dira; eta, azkenik, Gasteizko Colapso taldea oholtzaratuko da.