Sanmartzialak Bergaran: fededunen igoera gaur, eta urteko erromeria bereziena domekan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko eka. 30a, 06:15

Udal ordezkariek eta dantzariek elkarrekin dantzan egiten duten unea izan ohi da erromeriaren une gorenetako bat.

Gaur San Martzial eguna izanik, fededunek 07:30ean hasiko dute San Martzialerako igoera letaniak errezitatzen, duela 135 urte abiatutako ohiturari eutsiz; domekan, berriz, ermita azpiko zelaia eta inguruak kuadrillez beteko dira egun osoko planaz gozatzeko.

Ekainaren 30a da gaur, San Martzial eguna. Eta, aspaldiko ohiturari eutsiz, San Martzial egunaren osteko domeka gorriz markatuta izango dute hainbat bergararrek, urteko erromeria bereziena eta kutunena ospatuko dutelako domekan. Iaz berezia izan zen, pandemiaren erruz bi urtez ez zelako erromeriarik egin eta bergararrak bereziki gogotsu zeudelako aspaldiko usadioa berreskuratzeko.

Fededunen 135. igoera gaur

Erromeriaren aurretik, baina, zita garrantzitsua izango dute gaur herriko fededunek. 07:30ean Santa Marina elizan elkartuko dira San Martzialerako bidea oinez egiteko; betiere, letaniak errezitatzen. Aurtengoa 135. urtea izango da eten barik egiten dela igoera hori; iaz 30 bat fededunek egin zuten bat zitarekin, eta, ermitan meza entzun ostean, txokolate-jana izan zuten San Joxepe erretiratu elkartekoen eskutik. Gaur goizerako ere plan berbera izango dute.

Gaur igoko dira fededunak letaniak errezitatuz, duela 135 urte hasitako ohiturari eutsiz

Ingurua zaintzeko eskaera

Badira urte batzuk Udalak eremua zaintzeko deialdi berezia egiten duena, urte batzuetan eremua negargarri geratu izan delako. San Martzialgo "altxorra" zaintzera begira, honako hauek dira aurtengo eskaera nagusiak: sortutako hondakinak dagozkion edukiontzietan batu behar dira, eta norberaren gunean erabilitako tresna guztiak ere jaso behar dira –aulkiak, mahaiak, tresneria edota zintak–; landaretza zaindu beharra dago, zuhaitz adarrik edo hostorik apurtu gabe eta enborretan inongo elementu arrotzik erabili gabe –iltzeak, adibidez–; zuhaitz hilak ere bere horretan lagatzeko eskatu dute, bizitza darielako; ezin da lurra leundu terrazarik egiteko; ezin da lurrean surik egin; eta debekatuta egongo da hango iturrian harrikoa egitea. Gainera, inguruetan dauden haur-jolasak, informazio-panelak, hesiak eta hormak ezingo dira kaltetu edota lekuz aldatu. Mezu zehatza zabaldu dute Udaletik: "Ez laga beste arrastorik, zure oinatzak baino ez!".

Bestalde, Udalak joan den astean ohartarazi zuen kuadrillen guneak gordetzeko zintak ezingo direla jarri gaur, hilak 30, 15:00ak arte. Udaleko langileek mantentze-lanak egin behar dituzte, domekarako dena ondo egon dadin, eta, zintaren batek lan horiek oztopatzen baditu, kendu egingo dute.

Herribus zerbitzu berezia

Oinez ez bada autobusez igotzeko dei egin du Udalak. Izan ere, ibilgailuen kopurua gutxitzeko, domekan San Martzialerako herribus zerbitzua izango da egunean zehar, 09:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era. Geltokiak Oxirondo plazan eta San Martzialen izango dira. Beraz, San Martzialerako bidea trafikorako itxita egongo da 10:00etatik 11:00etara eta 21:00etatik 22:00etara; eta egun horretan ezingo da zelaira autorik sartu, hara jeneroa daroaten ibilgailuak izan ezik.

Ingurua zaintzeko eskatu du Udalak, eta herribusa ia etengabe ibiliko da gora eta behera

"Elkartasun argazkia" 13:00etan

Urtero legez, aurten ere izango da aldarrikapenerako tarterik; iaz hainbat herritarrek egin zuten bat Larramendiko Arnasa plataformaren deialdiarekin, eta Erraustegirik ez! Ez Larramendin, ez inon lelo zuen pankartaren atzean jarri ziren argazkia ateratzeko. Aurten, berriz, Galder Barbado eta Aitor Zelaia euskal gazteen kontrako auzia salatzeko "elkartasun argazkia" aterako dute, 13:00etan. Esker ona eta errespetua Udalak esker ona adierazi nahi izan die Atxega Ardoak, Manso Hermanos eta Miner Ardoak enpresei, San Martzial egunean barrikatik eskaintzen den ardoa, txandaka, emateagatik. Aurtengo ardoa Atxega Ardoak enpresak eman du; 18 urtetik beherakoei ez zaie ardorik banatuko barrikatik.

Bestalde, jaiak errespetuz gozatzeko dei ere egin dute Udaletik: "Jai eredu osasungarriaren alde, bizi ditzagun jaiak aske eta elkartasunean, kontsumo arriskutsuak alde batera utziz! Errespeta ditzagun geure burua, besteak eta ingurua! Ondo pasa San Martzial jaiak!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak