Lore-sortek eman diote kolorea San Juan auzoko jaiei

Hasier Larrea 2023ko eka. 24a, 16:16

Bi sariketa egin ohi dituzte San Juan auzoko jaietan: ortuena eta lore-sortena. Aurten, tamalez, txingorrak kalte latzak eragin ditu baserrietako ortuetan, eta, ondorioz, ez da lehiarik izan. Baina lore-sorten kasuan bai: Maite Rebanali eman diote auzoko saria, eta Idoia Etxarriri kanpokoa.

12:00etako mezarekin hasi dute San Juan eguna izen bereko auzoan, jubilatu koruak kantu batzuk eskaini ditu, eta, ondoren, luntxa egin dute trikitilarien doinuak lagun. Lore sorta lehiaketako sariak banatzeari ekin diote jarraian. 24 parte hartzaile egon dira guztira, auzotarrek hamar sorta egin baitituzte, eta auzotik kanpo bizi direnek hamalau. Hala, etxeko kategorian Maite Rebanalek aurkeztutakoa izan da saritua, eta kanpoko kategorian Idoia Etxarrik egindakoa.

Edurne Arenaza auzotarrak azaldu duenez, lore sortak modu tradizionalean egiten dituzte: "Belar medizinalak, garia, artoa eta etxeko loreak daramatzate, eta kirtenak tela zuriarekin josten dira. Sortak lehortzen uzten dira, hurrengo urtean San Juan sura botatzeko".

Beste lehiaketa, orturik onenarena, ezin izan dute aurrera eraman, joan den asteko txingorrak hankaz gora utzi zituelako baserritarren ortuak. "Baina sariak bageneuzkanez, banatu egin ditugu; Iñaki  Umerezi eman diogu orturik onenarena, eta Tartufo jatetxeko bi lagunendako bazkaria zozketaz tokatu zaio Xabier Agirreri", azaldu du Arenazak.

80 urtetik gorakoek omenaldia jaso eta gero, bapo bazkaldu dute auzotarrek itzaletan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak