Arrillaga gogoan, Bob Dylanen musikarekin

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko eka. 23a, 10:45

Iazko ikasturte amaierako kontzertua, perkusio ikasleak eta Azkaiter Pelox. (Argazkia: M.U.).

2016an zendu zen Xabier Arrillagaren omenezko kontzertua eskainiko dute datorren eguaztenean Musika Eskolako perkusio ikasleek eta Azkaiter Peloxek eta lagunek; Xabi Payak euskaratutako Bob Dylanen hamazazpi abesti interpretatuko dituzte.

2016ko urrian zendu zen Xabier Arrillaga Bengoa izango dute gogoan Bergarako Musika Eskolako perkusio ikasleek eta Azkaiter Peloxek eta lagunek ekainaren 28an, 18:30ean, Laino skate parkean eskainiko duten kontzertu "berezian". Arrillaga perkusio ikaslea zen eta talde bergararrarekin ikasturte amaierako kontzertuan parte hartu izan zuen. Honela mintzatu da Azkaiter Peloxeko Unai Azkarate: "Xabier Arrillagak parte hartu zuen bateria jotzen, pandereta jotzen... Eta orduan erabaki genuen omenaldi modura kontzertua gure ikasle eta lagunari egitea. Horretaz aparte, ordea, Xabierrek ezagutzen zuen gure errepertorioa buruz, eta gure abesti originalak belarrira abesten zizkigun. Urtero etortzen da haren familiako norbait eta urtero eskertzen digute haren gurasoek eta anaia-arrebek Xabierrekin gogoraraztea. Musika ere bada sentimenduak azaleratu eta halako omenaldiak egiteko".

Bob Dylan euskaraz

Ordubete eta hogei minutuko emanaldia izango da eta Bob Dylanen abestiak euskaraz joko dituztela aurreratu du: "Aurten, Bob Dylan aukeratu dugu. Aste honetan, hain justu, Donostian eman ditu kontzertuak. Gainera, Xabier Payak euskaratu egin zituen Dylanen abestiak 100 kantu liburuan, AEDk –Arrasate Euskaldun Dezagun– bultzatzen duen Jokin Zaitegi bekarekin. Liburu hori oinarri hartuta, guk Bob Dylanen zuzeneko kontzertu bat euskaratu dugu. 16-17 abesti izango dira".

Gainera, aipatzekoa da 2015eko edo 2016ko kurtso amaierako kontzertuan Xabier Arrillagak Azkaiter Peloxekin batera Laino skate parkean Bob Dylanen Knocking on heavens door abestia abestu zuela, Azkaraterentzat ere esanahia duena: "2008-2009a ezkero lagunak elkartzen garenean, abesti horrekin zerbait berezia sortzen da, eta kontzertu amaierarako ondo dago. Oraingoan ez da azkena izango, baina azkenetakoa izango da; euskaraz, Zeruko atea joz".

Azken entseguen faltan

Ikasturte hasieratik izaten dute helburu perkusio taldeko ikasleek ekainaren amaierako kontzertu hori. Horregatik, ikasturte osoa dute ikasleek kontzertua prestatzeko. Ikasturtea ixtean erabakitzen dugu datorren kurtso amaierako kontzertuaren gaia. Orduan, ikasleek etxeko lanak egiteaz gain, errepertorioa prestatzen dute", dio Azkaratek. Hori horrela izanik, lehendabizi, entseguak talde txikietan egiten dituzte: "Geroago, entsegu txikiak egiten dira, bizpahiru ikaslerekin. Gitarra, perkusioa eta ahotsa, adibidez; baxua, perkusioa eta gitarra... Orain, entsegu orokorrak egitea geratzen zaigu".

Bergarako Musika Eskolako irakaslea da Azkaiter Peloxeko bateria-jole Aitor Aranburu, eta, Azkaratek azaldu duenez, hiru bateria prestatzen ditu Aranburuk, hainbat mailatako ikasleentzat: "Bat hasierako maila duten ikasleentzat da; bestea, maila ertaina dutenentzat; eta azkena, maila aurreratuagoa dutenentzat. Horrela, kantuetan maila bakoitzeko ikasle bat jarriz gero, erritmoa ziurtatuta dago".

Bestalde, datorren urteko ikasturte amaierako kontzerturako gaia badaukate. "Urte batean nazioarteko zerbait egiten dugu, bestean euskalduna... Datorren urtean trikitiari hauspoa ematea tokatzen da", aurreratu du. "Kontzertu berezia izaten da. Gainera, Laino skate parkean, eguraldi ona bada, kanpoan egiteko aukera dago; eta txarra bada, barruan. Toki zabala da eta jende asko etortzen da". Herritarrak kontzertura joatera animatu ditu musikariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak