Badatoz sanmartzialak, egitarau bete-betearekin

Miren Arregi Amasorrain 2023ko eka. 22a, 18:38

Iazko Sanmartzial egunean, trikitilariak kontzertuan.

Datorren egubakoitzean, ekainaren 30ean, hasiko dira San Martzial jaiak Bergaran, halere, egun garrantzitsuena igandekoa izango da. Domekan, alboradarekin hasiko da eguna eta 10:00etan izango da San Martzialera igoera. Jaiak egun osoa iraungo du, 21:00etako txupinazoak jaitsiera iragarriko duen arte.

Datorren egubakoitzean, ekainaren 30ean, hasiko da San Martzial jaietako egitaraua. Goizeko zazpietan, kanpai-jotzeak irekiko du eguna eta ordu erdi geroago egingo dute San Martzialera igoera.

Hurrengo egunean, kalejira egingo dute erraldoiek eta bidelagun izango dituzte Elgoibarko eta Arrasateko dultzaineroak eta Bergarako txistulari banda. 

Domekan, egun handia

Domekan, alboradarekin hasiko da eguna 09:00ean. San Martzialera igoera 10:00etan izango da eta 12:00etan hasiko dira trikitilariak eta bertsolariak. Haien ondoren egingo da dantzaldia ohorezko sokarekin eta baita ohiko aurreskua ere.

Jaiak arratsaldean ere jarraituko du umeendako eta gazteendako jolasekin, herri kirolekin eta irrintzi-txapelketarekin. 18:00etan hasiko da erromeria eta bukatutakoan erreleboa hartuko diete Ustekabe txarangak eta Gorka eta Mikel trikitilariek. Amaitzeko, txupinazoa eta jaitsiera 21:00etan izango da.

Errespetuz aritzeko deia

Festaren harira Udalak nabarmendu du herritar guztien ardura dela gunearekin errespetuz jokatzea eta zaintzea. Bide beretik, gogorarazi du norberaren betebeharra dela sortutako zaborra jasotzea eta dagokion tokian botatzea.

 

San Martzial jaietako egitaraua

Ekainak 30, ostirala, San Martzial Eguna

  • 07:00 KANPAI JOTZEA Santa Marinan
  • 07:30 Santa Marinatik SAN MARTZIALERA IGOERA, Letania errezatuz
  • Ondoren, MEZA San Martzialen
      • Antolatzailea: Bergarako Parrokia
  • Bukaeran, TXOKOLATEA San Joxepe elkarteak prestatuta

Uztailak 1, larunbata

  • Erraldoien KALEJIRA, Elgoibarko eta Arrasateko dultzaineroek eta Bergarako Txistulari Bandak lagunduta. Ibilbidea: San Martin plaza, Bidekurutzeta kalea, San Pedro, Artekalea, Arruriaga, Masterreka, Bideberri, Irizar pasealekua, Barrenkalea eta San Martin Agirre plaza

Uztailak 2, igandea

  • 09:30 ALBORADA: Lizarrako dultzaineroak, Gorka eta Mikel trikitilariak, Bergarako Txistulari Banda eta Ustekabe Txaranga
  • 10:00 San Martzialera igotzea
  • 12:00 Gorka eta Mikel TRIKITILARIAK, BERTSOLARIAK Beñat Gaztelumendi eta Uxue Alberdirekin. Ondoren, DANTZALDIA Ohorezko Sokarekin eta ohiko AURRESKUA. Bukatzeko, Lizarrako Larrain-dantza Lizarrako gaiteroekin.
  • Ondoren, Abesti herrikoiak kantina ondoan
  • 15:30 Umeendako eta gaztetxoendako JOLASAK
  • 17:00 HERRI KIROLAK: Sokatita eta txingak. Izen ematea 16:15ean hasiko da zelaian. Sokatira eta txinga eramate saioaren tartean IRRINTZI TXAPELKETA (16 urtetik beherako kategoria eta 16 urtetik gorakoentzat) egingo da.
  • 18:00 MUXUTRUK taldearen eskutik ERROMERIA
  • 19:30 Ustekabe txarangaren eta Gorka eta Mikel trikitilarien saioa
  • 21:00 TXUPINAZOA eta JAITSIERA, Lizarrako gaiteroek, Gorka eta Mikel trikitilariek eta Ustekabe txarangak alaituta. Lehen tokian dultzaineroak, atzetik trikitilariak eta azken tokian txaranga.
    • Jaitsieran arin-arin eta fandangoa dantzatzeko guneak: Askatzu baserria eta Santa Marina
    • Jaitsierari txarangak emango dio bukaeran, San Martin plazan

BOLATOKIAREN ORDUTEGIA:

  • 11:00tik aurrera egun osoan zabalik
  • 17:00etan Bolo txapelketa (izen ematea 5 euro)

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak