Debarro txapelketako 74. aldiko finalak jokatu dituzte eguerdian Bergaran, eta etxekoek hiru maila ezberdinetan jokatu diren hiru finaletatik bi irabazi dituzte.
Kadete mailan, Bergarako Etxabe-Etxeberria bikotea aise nagusitu zaie Aretxabaletako Otazuri eta Errastiri. Aretxabaletakoek ezin izan dute bergararren nagusitasuna hautsi eta partida 22-11koarekin bukatu da.
Gazteen mailan, Lazpiurrek eta Alberdik osatutako bikote bergararrak ez du bere eguna izan. Caramanzana eta Ibarra soraluzetarrek sendo jokatu dute aurreko zein atzeko koadroetan, eta Bergarakoak ezin asmatu ibili dira, atzetik markagailuan. 8-6 gerturatzea lortu dute bergararrek, baina Caramanzanak ondo baino hobeto bukatu ditu tantoak, eta aldea erraz handitu dute markagailuan (15-6). Azken emaitza, 22-8koa izan da Bergarako pilotalekuan eta txapelak Soraluzekoek irabazi dituzte.
Nagusien partida emozioz beterikoa izan da, zirraragarria eta kalitate handiko tantoez josia. Soraluzeko Atxotegi eta Balerdik hobeto hasi dute partidua, eta markagailuan agintzen jarri dira 4-0. Hala ere, Etxaniz eta Gartzia bergararrak, apurka, partidan sartzen joan dira, berotzen, eta markagailua iraultzea lortu dute (4-6). Bergarako bikoteak, aurrea hartuta, eutsi egin dio partida osoan abantailari. Soraluzekoek hainbat alditan berdintzea lortu dute, baina Bergarakoek beti hartzen zuten berriz ere aurrea (14-14).
Azkeneko tantoekin gozatu ederra hartu dute Bergarako pilotalekuko zaleek. Atxotegi eta Etxaniz nor baino nor gehiago ibili dira aurrealdean, eta tanto zoragarriak egin dituzte (17-17). Partidako tanto erabakigarrietan, Etxanizek eskuetan duen magia atera, eta sekulako kalitatearekin partida erabaki egin du (19-21).