Domekan (09:00) Euskal Herri osoko gaztetxoek triatloia gertutik ezagutzeko aukera izango dute Bergaran, dagoeneko ohitura bilakatu den hitzorduan. "Oraingoz, 60 neska-mutiko ditugu, baina egubakoitzera arte izen-ematea zabalik dugu, eta jende asko azken momentuan animatzen da; urtero moduan, 75 gazte inguru izango dira", dio Antxintxikako kide Iñaki Salaberriak. "Asko Debagoienekoak izango dira, baina bestelako klubetatik ere etortzen dira: Bizkaitik, Arabatik...".
Hasteko, azalpenak
Lasterketak ez dituzte horren goiz hasiko, gazteei azalpenak ematen dizkiete-eta lehenik: "10:30 aldera hasiko ditugu probak, baina, lehenengo, ordubete inguru hartzen dugu eurekin berba egiteko, arauak azaltzeko, ibilbidea errepasatzeko eta kategoria bakoitzean izango dituzten distantzien berri emateko... Askorendako lehenengo hartu-emana izango da triatloiarekin, eta ezinbestekoa da hasieran azalpenak ematea".
Helburuak garbi
Agorrosinen igeriketa saioa egingo dute, eta ondoren etorriko dira korrikako eta bizikletako saioak, kiroldegiaren inguruan egokituko duten zirkuituan. Hala, alebin, benjamin eta infantil mailetako atletak batuko dira hitzorduan: "Topaketaren helburu nagusiak dira gazteen artean kirola sustatzea eta triatloia kirol moduan ezagutaraztea. Hemen zailagoa da, ez dugulako kostalderik, baina beste leku batzuetan triatloi taldeek kategoria txikietan ere taldeak dituzte, ez senior mailan bakarrik. Eta hori da gure helburua; datozen lau urteetan harrobiko taldeak izateko lanean dihardugu Antxintxikan".
Beste jarduera batzuetatik
Garai batean triatloira iristen ziren atletak gaztetan beste kirol jarduera batzuetan jardundakoak ziren, eta ondoren sartu zitzaien triatloien harra. Hori, poliki-poliki, aldatzen dabil, eta asko dira gaztetatik triatloia aukeratzen dutenak –Debagoienean oraindik ez da ohikoa. Horretarako, baina, domekakoa moduko hitzorduak ezinbestekoak dira.