Orkestra Sinfonikoak Munibe plaza girotuko du

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko eka. 16a, 10:15
Bergarako Orkestra Sinfonikoak azaroan Santa Zezilia eguna zela-eta Mariaren Lagundiko elizan emandako kontzertua. (Argazkia: GOIENA)

Bergarako Orkestra Sinfonikoaren ekaineko ohiko kontzertua kalera aterako dute bihar arratsaldean, eta interpretatuko dituzten zenbait doinu kolaboratzaileen ahotsek jantziko dituzte; bestalde, Bergarako Musika bandak Elgetan joko du domekan.

Bergarako Orkestra Sinfonikoak nSan Pedro egunaren bueltan eskaini ohi duen kontzertua emango du bihar. San Pedro parrokia izaten da ekaineko kontzertu horren bilgune, normalean, baina "aurten beste era batera egitea" pentsatu dute eta Munibe plaza girotuko dute, 19:30ean hasita –iazko ekainean Mariaren Lagundiko elizan jo zuten, hango mojak lekualdatu behar zituztelako–. Euria eginez gero, Boluko frontoian izango da ekitaldia, eta Orkestra Sinfonikoak adierazi du bestelako aldaketarik bada taldearen sare sozialetan jakinaraziko dutela.

Orokorrean orkestra sinfonikoei buruzko irudi serioa dagoela adierazi du Enrike Txurruka zuzendariak, baina ez da euren kasua: "Ohituraz gu ikustera datozenek badakite gure errepertorioak klasikoaz gain oso bestelako musikak ere izaten direla. Ezagutzen ez gaituzten herritarrei Bergaran daukagun herritarrez osatutako orkestra ezagutarazi nahi diegu, eta irudi klasiko hori pixka bat aldarazi".

Hori dela eta, orkestra kalera ateratzea erabaki dute, eta abesti egitarau "bereziki herrikoia" taularatuko dute Munibe plazan. "Munibe plaza leku aproposa iruditu zaigu horretarako; erdigunean eta, zelanbait, babesean dago", dio Txurrukak.

"Bereziki herrikoia" den errepertorioa interpretatuko du orkestrak

Errepertorioa, bi zatitan

Zenbait kantutan abeslari bergararrek jarriko diote ahotsa orkestraren musikari. Zortzi abesti izango dira entzungai eta emanaldia bi ataletan banatu dute. Lehen zatia instrumentala izango da eta abesti hauek interpretatuko dituzte: Robert Sheldonen Convergences, Itoizen bost doinu, Ronan Hardimanen The lord of the dance eta Guns N'Roses taldearen Sweet Child o' Mine. Abeslariekin egingo duten zatian, honako hau izango da egitaraua: Benito Lertxundiren Oi Lur-en moldaketa sinfonikoa Aitzol Mujikaren ahotsean, Anne Lukinen Lisboa Mariñe Diaz eta Bike Larrañagaren eskutik eta Kalakan taldearen bertsioan oinarritutako Kantuz eta Aldapeko-ren moldaketa sinfonikoa John Prieto, Asier Elorza eta Aitzol Mujika abeslariekin.

Musika Banda, Elgetan

Bergarako Musika Banda Elgetan izango da domekan, Elgetako jubilatuen elkarteak antolatu baitu kontzertua. Espaloian izango da, 12:30ean hasita –sarrera doakoa da–, eta aurrez, ordea, kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar. Sei abesti eskainiko dituzte, guztira, eta egitarau "bariatua" prestatu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak