Iaz abiatu zuten Hil da Kultura dinamika du oinarri tresna berriak. "Hil da kultura prozesuaren barruan atera ziren ondorioen artean dago kultura eragileen agendak gainjarri egiten zela eta eragileon artean elkarlana bultzatzeko beharra zegoela; horri erantzuteko sortu da Batu".
Hil da kultura prozesuan hainbat eragilek hartu zuten parte, eta Zinemaon zinekluba, Jardun euskara elkartea, Bergarako Musika Eskola eta Beart elkartea izango dira, Ehundurekin batera, agenda bateratua elikatzeko ardura izango dutenak.
Euskarazko ekitaldiei emango diete lehentasuna, bi hizkuntzatan antolatutakoak ere onartuko diren arren, ez dira jarrera sexista, arrazista edota xenofoborik sustatzen dituzten ekitaldiak onartuko eta, adibidez, alderdi politikoen mitin edota bilerek ez dute lekurik izango Batu agendan.
Proiektua gauzatzeko Gancio plataforman oinarritu dira, software librean eraikitako lanabesa, eta Ehundutik asmoa dute datorren astean emateko ezagutzera agenda bateratu berria.