Kadete mailako ziklistak erlojupeko modalitatean lehiatuko dira domekan (17:00), San Antonio sariaren 86. edizioan. Eta hitzordua ez da edonolakoa, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak daude-eta jokoan. Lokatzakoek Bergarako San Antonio auzoaren eta Antzuolaren arteko errepide zatian prestatu dute 7,2 kilometroko zirkuitua.
Debagoienekoen parte-hartzea zabala izango da. Batetik, Oñatiko Ulma taldeko kadeteak izango dira, zortzi inguru. Eta bestetik, Bergarako Bolintxo Okindegia Lanakoek ere prest dituzte euren ziklistak. Eta hor herri askotako ordezkariak dituzte. Arrasateko Iñaki Plaza eta Izortz Llodio, Antzuolako Ekaitz Labaien, Aretxabaletako Manex Larrañaga eta Bergarako Markel Eguren irteera puntuan izango dira. "Unai Ormaetxea aramaioarra da, eta hura ere lasterketan egongo da. Ez du Gipuzkoako txapelketa jokatzerik, baina Arabako hautatzaileak Euskadiko Txapelketarako aukeratu du", adierazi du Iñigo Larrañagak.
Bada, maila politeko ziklistak batuko dira bertan, eta, Ion Unamunoren esanetan, faboritoetako bat joan den astean Oñatin gailendu zen Eñaut Urkaregi (Danena) da: "Iaz Bergaran hark irabazi zuen erlojupekoa, eta bistan da aurten ere sasoi onean dagoela. Gainera, bigarren urtea du kadete mailan. Gipuzkoako txapelketa irabazteko faboritoa da eta Euskadikoan ere aurrean ibiliko da, ziur".
Igamo Packagingekoak, gertu
Emakumezkoetan ere Igamo Packagingeko neskak gertu daude. "Itsaso Askasibar elgetarra eta Izar Eskibel eta Maddi Oleaga oñatiarrak izango dira proban. Arantxa Anduaga min hartuta ibili da; ea lasterketan egon daitekeen", adierazi du Iker Sanchez entrenatzaileak.
Errepide mozketa
Txirrindularitza lasterketa dela-eta bide mozketak izango dira Bergarako San Antonio kaletik Antzuolara bitartean, eta antolatzaileek auto gidariak Deskargako saihesbidetik desbideratuko dituzte. Antolatzaileek aurreikusten dute lasterketak bi ordu iraungo duela, 17:00etatik 19:00etara.