Musika Eskolako talde ezberdinek, Bergarako Bandak, Orkestrak, Bergarako Txistulari Bandak, Aritzeta abesbatzako kideak... Horiek guztiak eta gehiago batu dira gaur egin duten ohiko Udaberriko Musika Jaian. Musika Eskolakoek aurrerantzean gaurko urteroko hitzordua Musika Eguna izatea gura dute, eta horregatik bildu dituzte herriko beste talde batzuetako kideak ere. Guztira, 300 lagun inguru.
Asmoa emanaldia kalean egitea zen, baina eguraldiaren beldur, goraino bete den San Pedro parrokian izan da kontzertua. Aurretik, baina, kantu-jira egin dute herriko zenbait puntutan.
Eta behin parrokian, askotariko piezak jo dituzte, taldeak eta musikariak nahastuz. Egon da baita ere denek batera, publikoaren laguntzarekin jo eta abestu dutenik, bideoan agertzen den eta Idoia Asurmendirena den Viejo refranero kantua, adibidez.