Bergarako gazte mailako taldeak lortu du Liga Nazionalerako igoera

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko mai. 21a, 19:41

Bergarako gazte mailako taldea. (Argazkia: Imanol Soriano)

Gaur arratsaldean lortu dute Liga Nazionalerako igoera Euskal Ligan diharduten gazteek; denboraldiko azken jardunaldiko partidan, hain zuzen ere. Nahikoa zuten berdinketa edo garaipena igoera ziurtatzeko, eta UDAren kontrako partidan bana berdindu dute. Neurketaren lehen zatian egin dira bi golak eta Aretxabaletako taldea aurretik jarri bada ere, Bergarak beste gol batekin erantzun dio eta emaitza horrekin amaitu da lehia. Partidaren ostean, Agorrosin ospakizunez jantzi da.

Iaz igo zen gazte mailako taldea Euskal Ligara eta Ibai Arabaolaza jokalariaren esanetan, maila mantentzea zuten helburu denboraldi hasieran. Helburua, baina aldatzen joan zen lehen itzuliko emaitzak ikusita. "Lehen itzulian ez genuen neurketarik galdu eta hor ikusi genuen aukera zegoela, eta zergatik ez?", dio Arabaolazak. Azkenean, urte osoan egindako lanak sari aparta izan du.

Lorpen historikoa da gaurko igoera Bergara Kirol Elkartearentzat. BKEko presidente Iosu Elorzak adierazi duenez, kluba lehen aldiz igo da Nazional Mailara. Bere esanetan, gazte mailako taldea osatzen duten jokalariak "sekulakoa" lorpenak ari dira egiten: "Kadeteetan Euskal Ligara igo ziren, gazte mailan ere Euskal ligara iaz, eta aurten Nazionalera. Oso handia da klubarentzat egin dutena. Probintziako eta euskadiko talde onenekin konpetitzea oso handia da".

Mahonero gazteen lorpenak nabarmendu ditu baita taldeko entrenatzaile Iñaki Mardarasek ere. Denboraldiaren balorazio "bikaina" egin du: "Sekulako denboraldia izan da. Abuztuaren 16an hasi ginen, hiru entrenamentu astean, ez gara profesionalak eta azkenean nekatuta heldu gara denboraldi amaierara. Merezi izan du behintzat".

Ospakizunez blai

Arauzko 90 minutuak jota, zenbait minutuz luzatu du partida epaileak, eta amaitutzat eman duenean, txalo zaparradek eta poz aurpegiek jantzi dute Agorrosin. Horrekin batera, etorri dira jokalari bergararren arteko besarkadak eta pozez egindako ohikuak, besteak beste. Ospakizun handietan egiten den bezala, uraz eta txanpainaz busti dira. Mardaras, gainera, airean ere ibili dute gazte mahoneroek. Partidaren ostean ere ospatuko duela aurreratu du taldeak, eta presidenteak adierazi duenez, aurrera begira beste egun bat jarriko dute "behar den modura" ospatzeko.

Bergarako kapitaina baloiarekin zelaiaren erdigunean. (Argazkia: Imanol Soriano).

Banako berdinketa

Denboraldiko azken partida zen gaur Agorrosinen jokatu dutena. Partida garrantzitsua mahoneroentzat, baina UDAk ez die batere erraz jarri igoera. UDAko Igor Altube entrenatzailearen esanetan, "beste partida bat izango balitz modura egin diogu aurre". Bergarako entrenatzaileak adierazi duenez, gaizki sartu dira norgehiagokan, eta hor 19. minutuan iritsi da UDAko Eneko Garciaren gola. Alabaina Mardarasek azaldu du, aurrea hartu badiete ere lehen zatiko azken minutuetan hobeto egon direla, eta Arabaolazak gaineratu du jakin dutela partida eusten,  eta hor etorri da banako berdinketa. 35. minutuan sartu du gola Gaizka Diazek.

Bigarren zatian, berriz, mahoneroen entrenatzailearen iritziz, hobeak izan dira bergararrak. Aukerak izan dituzte bi taldeek; Bergarako Andoni Pereirak ere bidali du baloia sareetara, baina epaileak balio gabe utzi du, jokoz kanpo adierazi baitu. Banako berdinketarekin hirugarren postua ziurtatu dute mahoneroek, eta Gernika eta Leioarekin batera igo da Nazional Mailara.

Erlazionatuak

Bergarako gazte mailakoen partidua iruditan

Miren Arana Pagaldai 2023 mai 21 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak