Gurutze Gorriaren anbulantziak edota Land Roverrak barrutik ikusteko eta sartzeko parada izan dute gaur goizean Elorregira hurbildu direnek. Horrekin batera, desfibriladore tailerra ere emandute, eta umeendako jolasak ere egin dituzte. Gainera, 40. urteurreneko bideoa egon da ikusgai.
Elena Ibarrondo bolondresak adierazi duenez, ate-irekien balorazio positiboa egin dute, izan ere, zegoen eguraldi iragarpena ikusita, uste zutena baino jende gehiago hurbildu da euren instalazioetara. Azaldu duenez, ehun lagun inguru pasa dira bertatik, eta herritarrek ekintzetan edota bestelakoetan interesa ere erakutsi dute. Horrekin batera, adierazi du Gurutze Gorriko zenbait bazkide gonbidatu dituztela eta Elorregiko etxea barrutik ikusteko aukera izan dutela. Gainera, bazkide horiek oroigarriarekin omendu dituzte, egiten duten lanagatik.
Bestalde, Gurutze Gorriak gogorarazi du Gurutze Gorriaren loteria salgai dagoela: "Esan nahi diegu debagoiendarrei, hemen saltzen dugun loteria-billeteen dirua hemen geratzen dela".