Bergarako Orfeoiaren 100 urteak ospatzeko Mozart-en Requiem obra interpretatu dute San Pedro elizan. Ospakizunaren lehenengo emanaldi honek Arrasateko Goikobalu abesbatzakoak izan ditu gonbidatu berezi bezala, baita EHUko Abesbatza eta Aequus Ensemble taldekoak ere; hala, 200 lagunek baino gehiagok hartu dute parte ikuskizunean. 750 pertsona inguru gerturatu dira emanaldia ikustera. Orfeoiko zuzendari Aitor Biainek emanaldi "oso hunkigarria" izan dela aitortu du: "Obra enblematiko bat egun berezi baterako. Nik uste dut 100 urteak hasiak badira ere, gaurko emanaldi musikal hau beti gogoratzekoa izango dela".
2000.urtean Arrasateko Goikobalu abesbatzarekin batera Lausardi Koru Sinfonikoa sortu zuten; horregatik gaurko ospakizunean gonbidatu bereziak izan dira Arrasateko abesbatzako kideak. Pozik eta gustora irten dira arrasatearrak kontzertutik. Hala adierazi du Arantza Monjelos Goikobaluko kideak: "Oso gustora irten naiz; jende pila bat zegoen, orkestra asko entzuten zen".
100. urteurreneko ospakizunak hasi baino ez dira egin eta lehenengo hitzorduarekin, Bergarako San Pedro eliza betetzea lortu dute. Eta ikusleak, emanaldiaren amaieran entzundakoen arabera, gustura geratu dira. Sara Etxeberria, esaterako, Errenteriatik etorri da Bergarara Requiem-az gozatzera, eta Orfeoia entzuten zuen lehen aldia izan du gainera: "Ez zaigu batere luzea egin, eta asko gustatu zaigu, oso gustora egon gara".