Goizeko 10:30ean botatako txupinazoarekin hasi du ikasturte amaierako jaia Mariaren Lagundiak. Erraldoiak eta trikitilariak aritu dira goiza alaitzen eta etxeko txikienek puzgarrietan ibili edota aurpegiak margotzeko aukera izan dute, besteak beste.
Festaren hasierarekin batera ginkana egin dute. LH1etik LH6ra bitartera, parte hartu nahi izan duten ikasleak aritu dira jolaean. Adin tarte ezberdinetako taldeak sortu dituzte, eta DBHko ikasleak izan dira talde bakoitzaren gidari. Altxorraren bila estiloko jolasa izan da. Hainbat proba egin behar izan dituzte geldiune bakoitzean. Proba batetik bestera igarotzeko, beharrezkoa izan dute proba gainditzea.
11:00etan, berriz, futbol partida jokatu dute ikasleek guraso nahiz irakasleen aurka, eta eguerdian, talent show-a hasi da. Nahi zuten ikasleak apuntatu dira ekintza honetara ere, eta eurek prestatutako edo sortutako ikuskizunak eskaini dituzte: batzuk biolina jo dute, beste batzuk pianoa... Kantak prestatu edo abestu duten ikasleak ere egon dira. Bazkal aurretik, Mariaren Lagundiko barantzean dauden barazkiekin osatutako otarrak zozkatu dituzte bertaratutakoen artean.
Flashmove-an Kantu Koloreren Esna zaitez abestia dantzatu dute nahi izan duten guztiek. 14:00etan izan da bazkaria eta 318 lagun elkartu dira euskal parrillada dastatzeko. Arratsaldean ere jarraitu du festak, karaoke eta diskotekarekin. 19:00etan Lagunditxoren igoerarekin esango diete agur gaurko jaiari.