Gutxieneko pentsioa 1.080 euro aldarrikatzeko protesta antolatu du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. Maiatzaren 22an, eguerdiko 12:00etan, aterako da ibilaldia Bergaratik eta hilaren 25ean Bilbotik eta Agurainetik ateratako martxekin elkartuko dira Gasteizen. Egun horretan bertan, manifestazioa egingo dute 11:00etan, Iparraldeko Gizartetxetik Legebiltzarrera.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak herritar guztiei dei egin die ekimen horietan parte hartu dezaten eta, era berean, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu die "hemen eta orain" gutxieneko pentsioa 1.080 euroraino osatzea, "Espainiako Gobernuak gutxieneko hori ezartzen ez duen bitartean". Era berean, adierazi dute Iruñeko manifestazioa maiatzaren 29an izango dela.