1923an sortua, osasuntsu heldu da Bergarako Orfeoia 100 urte egitera. Badago zer ospatu, beraz, eta, orfeoiko zuzendaritza taldeko Eva Agirrek gogora ekarri duenez, bi ospakizun ekitaldi nagusi izango dituzte: lehena bihar izango da, maiatzak 20, San Pedro elizan (19:00) eskainiko duten Mozarten Requiem kontzertua; eta bigarrena azaroaren 11rako udal pilotalekuan aurreikusita duten 100 urte kantuan jaialdi berezia izango da.
'Requiem', bosgarren aldiz
Biharko kontzertu sinfonikorako dena dute prest, orfeoiko zuzendari Aitor Biainen arabera. Biainek gogora ekarri duenez, Bergarako Orfeoiaren historian bosgarren aldiz interpretatuko dute Mozarten Requiem: "70eko eta 80ko hamarkadetan hiru alditan egin zen eta laugarrena 2013an, duela hamar urte. 2013an egindakoak garrantzi handia izan zuen orfeoiarentzat; ezin dugu ahaztu kondaira puntua baduela obrak, Mozartek konposatutako azkena izateaz gain –ez zuen bukatu ere egin–, esaten delako haren buruari egindako obra bat dela. Kondaira puntu horrek garrantzi berezia eman dio Requiem-i, musika oso ezaguna izateaz harago". Orfeoiko kideez gain, Goikobalu abesbatzako kideek ere hartuko dute parte, baita Euskal Herriko Unibertsitatekoek ere. Are gehiago, Aequus Ensemble ere han izango da, eta, horrez gain, Maria Martin sopranoa, Maite Arruabarrena mezzosopranoa, Bergarako Aitor Garitano tenorra eta Juan Laboreria baxua. 200 lagunek baino gehiagok hartuko dute parte ikuskizunean. "Azken entseguan 177 aulki jarri genituen abeslariendako eta 45 bat musikariendako", adierazi du Agirrek.
'100 urte kantuan' ikuskizuna
Mendeurreneko bigarren zita garrantzitsuena izango da 100 urte kantuan ikuskizuna. Azaroaren 11n egingo dute, udal pilotalekuan. Orfeoiko kide ohiek, Bergarako Musika Bandak, Aritzeta abesbatzak eta Musika Eskolak hartuko dute parte, besteak beste. "Bergaran ondo ezagutzen ditugun ikuskizun erraldoi horietako bat izango da; aurrerago emango ditugu xehetasun guztiak", dio Agirrek.
Erakusketa eta dokumentala
Bi kontzertuez gain, erakusketa bat ere irekiko dute Aroztegi aretoan, maiatzaren 25etik ekainaren 11ra. "1923tik hasita hainbat argazki ditugu, eta egin dugu aukeraketa. Normalean, erakusketak egubakoitzetan irekitzen dira, baina, egun eta ordu horretan Bitorianatxoren jaitsiera denez, irekiera egun bat aurreratu dugu", dio Agirrek. Besteak beste, argazki zaharrak, bideo batzuk eta arropa zaharrak erakutsiko dituen erakusketa "oso polita" ari dira prestatzen. Urtea bukatu aurretik dokumental bat egiteko asmoa ere agertu dute, askotariko testigantzekin. Gainera, orfeoiaren mendeurreneko abestia izango dena grabatzeko asmoa ere badute, Luis Azurzak konposatutako musika oinarri hartuta. Dokumentalaren eta abestiaren gaineko argibide gehiago aurrerago emango dute.
Sarrerak han ere salgai
Biharko kontzerturako sarrerak salgai daude seminarixoa.eus-en, 12 eurotan. Hala ere, orfeoiko kideek jakinarazi dute egunean bertan ere erosi ahalko direla, elizaren atarian jarriko duten mahaian. Ez dute edukiera arazorik espero, 800 lagunendako lekua aurreikusi dute-eta San Pedro elizan.
'Streaming'-ez eta telebistaz
Zapatuko kontzertua streaming bidez ikusi ahalko da Goiena.eus webgunean eta Bergarako Orfeoiaren Youtubeko kanalean. Era berean, Goiena telebistan ikusi ahalko da kontzertua osorik; ekainaren 3an 22:00etan eta ekainaren 4an 13:00etan eta 20:00etan.