Asteburu honetan jantziko dute azken aldiz elastiko urdina Diazek eta Etxeberriak. Honela erantzun dituzte GOIENAren galderak:
Zer sentitzen da behin futbola uzteko erabakia gauzatu denean?
Oraindik ez gara oso kontziente; entrenatzen jarraitzen dugu eta aste honetan denboraldiko azken partidua jokatuko dugu etxetik kanpo. Hala ere, datorren urtean hutsune handi bat sumatuko dugu, seguru.
Zergatik utzi duzue futbola? Asko kostatu da erabakia hartzea?
Aurreko urteko denboraldian beste urte betez jarraituko genuela erabaki genuenean, azkenengo urtea izango zela argi laga genuen. Ez zen erabaki erraza izan, urtero dago jende beharra. Taldea aurrera ateratzeko zailtasunak izaten dira denboraldi amaieran eta baiezkoa ematera eramaten gaituen arrazoi nagusietako bat izan da orain arte. Gainera, biok lanean gabiltza eta gure lanbideak direla eta, aste bukaera askotan lan egiten behar izaten dugu; bizitza hori futbolarekin eta arlo pertsonalarekin bateratzea ez da erraza izaten.
Ezer gaineratu nahi duzue?
Eskerrak eman nahi dizkiegu urte hauetan guztietan gurekin aldagela partekatu duten guztiei. Atzera begira konturatzen gara zenbat lagun eman dizkigun futbolak; gerora hori izango da utziko diguna.