Nahi ez zuten hura gertatu zen txapelketako zozketan, alegia, txapelketa antolatzen zuen Japoniako selekzioa egokitu zitzaien txapelketako lehen fasean: "Horixe zen nahi ez genuena, alegia, lehen fasean japoniarren kontra borrokatu behar izatea", adierazi du Bergarako entrenatzaile Josean Iñarrak.
Hain zuzen, Iñarrak egundoko ezustekoa eman zion Andoni Mujikari, izan ere, honek ez zuen uste Iñarra Japoniara joatekoa zenik txapelketa ikustera, baina Iñarrak Mujikaren ondoan egon nahi izan zuen halako hitzordu garrantzitsu baten aurrean, eta Mujika selekzioarekin Japoniara abiatu eta egun gutxitara jan zen Iñarra ere hara.
Borrokaldiari dagokionez, nahiz eta txapelketako faboritoetako bat aurrean izan, Bergarakoa ez zen kikildu, eta nahiz eta galdu, lehia estua izan zuten: "Epaile errusiar baten erabakiak dezente baldintzatu zuen Andoniren borrokaldia. Kontrara, Japongo entrenatzaileek zoriondu egin gintuzten borrokaldian erakutsitako maila onarengatik".
"Esperientzia ikaragarria"
Mujikaren kontrario izan zena finalera sailkatu zen, eta han, Kubako borrokalari batek hartu zuen mendean: "Zozketan ez dugu zorterik izan, baina esperientzia ikaragarria izan da, bai txapelketan bertan bizi izan duguna, eta baita txapelketatik kanpo ere. Jarraian Europako txapelketa prestatzen hasiko gara. Eta ea hurrengo munduko txapelketara borrokalari gehiago eramaten ditugun".