Bergarako saskibaloi taldea ligako txapeldun

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko mai. 14a, 19:30

Bergara Kirol Elkarteko Goizper Group saskibaloi taldea. Argazkia: Iñigo Barrena

Gipuzkoako lehen probintzial mailara igoera lortu ondoren, ligako txapelduna izatea lortu du Bergara Kirol Elkarteko Goizper Group saskibaloi taldeak; denboraldiko azken neurketan hartu dute mendean Lasarteko Ostadar taldea (59-43)

Denboraldi borobila burutu dute Goizeper Group taldeko jokalariek. Duela gutxi igoera lortuta, gaurkoan, ligako txapeldunak izateko aukera zuten; esan eta egin. Aurrean aurkari gogorra izan duten arren, etxeko zaletuen babesarekin lortu dute garaipena.

Liga hasiera zaila izan zuten Bergara saskibaloi taldeko jokalariek, baina ederki bideratu zuten ondoren eta horren adibide da azken hamabost partidetatik hamabi irabazi dituztela. Honek, igoera lortzeko eta ligako txapeldun izateko balio izan die.

Azken neurketara arte ederki borrokatu dute kantxan. Gaurkoan ez zuten aurkari erraza aurrean. Lasarteko Ostadar taldeak zail jarri dizkie gauzak eta neurketa oso parekatua izan da hasieratik bukaerara. Bergararrek, denboraldi guztian egin bezala, defentsan oinarritu dute euren jokoa, ondoren korrika atera ahal izateko kontraerasoan. Saskiratzeak ordea garesti egon dira aurrean zuten taldeak ere gogortasuna erakutsi duelako; erasoan ere talde bizia zuten lasartearrek.

Laugarren laurdena amaitzeko hiru minutu falta zirela, bost puntuko aldea zuen soilik Bergarako taldeak, baina une horretan erakutsi dute zergatik ziren txapelketako liderrak. Defentsa gogortu eta aurrean lortutako saskiratze batzuekin, abantailatxoa lortu dute etxekoek. Hortik amaierara arte ederki kudeatu du neurketa Alex Familiarrek zuzentzen duen taldeak; amaieran ligako txapeldunak izatea lortu dute.

Txapelketa amaiera ezinhobea

Neurketaren amaieran taldeko jokalariek eskerrak eman dizkiete Labegaraietako kantxara gerturatu diren zaleei, euren babesarekin atera baitute aurrera gaurko partida. Jokalariak eta entrenatzaileak, normala den moduan, pozik eta harro zeuden egindako lanarekin. "Taldea oso motibatuta zegoen eta oso giro ona daukagu. igoera bermatuta genuen eta gaurkoan irabazita edo galduta oso pozik geunden" adierazi du Marina Juaristi jokalariak.

Entrenatzaileak, Alex Familiarrek, berriz, talde lana goraipatu nahi izan du: "Lehen hiru partidak galdu genituen, aldiz, azken hamabost neurketetatik hamabi irabazi ditugu, hortxe ikusten da denboraldian egin dugun lan guztia".

Beste taldekide batek, Marta Boizasek aipatu du ez zituztela lorpenak espero: "Egia esan ez genuen espero lorpen bikoitz hau. Nahiko gaizki hasi ginen, baina dena aurrera eramatea lortu dugu, baita denboraldi oso ondo amaitzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak