Azaldu dutenez, 2018an sinatu zuten lehendabizikoz hitzarmena, lau urterako, eta helburua txapelketa horiek antolatzea zen; izan ere, nabarmendu dute desoreka zegoela gizonezkoen eta emakumezkoen kirol lehiaketetan, eta, beraz, ekarpen bat egin beharra zegoela.
Udalak 11.000 euroko ekarpena egin du urtero, eta ahal izan den heinean, txapelketak egin dira. 2020an, ordea, ez zen batere egin, pandemia zela-eta; 2021ean, seitik hiru antolatu ziren; eta iaz, bost. Dena den, 2018-2022 aldian parte hartu zuten talde guztiek adierazi dute jarraitzeko nahia; beraz, beste lau urtez luzatu dute hitzarmena, Udalaren 12.000 euroko ekarpenarekin urtero.