Euskal Ligako Jubenilen liga puri-purian dago, eta ligan dauden Bergara eta UDA denboraldi aparta egiten ari dira. Bergarak atzo aise irabazi zion Betoño talde gasteiztarrari, jendez lepo bete zen Agorrosin batean. Liga Nazionalera igotzeko puntu-puntuan daude mahoneroak. Gainera, azken bi jardunaldiak ez dira samurrak izango: Ariznabarrari egingo diote bisita datorren asteburuan, eta ligako azken neurketan UDAren aurka neurtuko dituzte indarrak.
UDA ere denboraldi txukuna egiten ari da. Lehen bost postuetan mantendu da denboraldi osoan, eta orain bertan bosgarrenak dira. Gaur arratsaldean Lakuaren aurka jokatu dute Gasteizen eta launa berdindu dute. Hurrengo astean Basconia jasoko dute etxean, eta Bergaran agurtuko dute aurtengo sasoia.