Espainiako gerratik 80ko hamarkadara Euskal Herrian egindako motorrez eta belomotorrez egongo da osatuta batez ere egubakoitzean Bergarako Aroztegi aretoan zabalduko duten erakusketa berria. Hainbat lantegitako makinak ikusi ahalko ditu erakusketa bisitatuko duenak, baita garai bateko argazki ugari ere. Esan, makina horietako zenbait Miguel eta Luis Lazpiurren jabetzakoak direla.
Bergarako Udalak antolatutako erakusketak jendaurrean jarri gura du motor eta belomotor horiek egiten aritutako jendeak egindako lan “aparta”, eta belaunaldi berriei begira, “haiengandik espero den ekintzailetza lanaren adibide” ere izan gura du.
18:00etan izango da inaugurazio ekitaldia, eta maiatzaren 21era arte ikusi ahalko da erakusketa. Asteartetik ostiralera 18:00etatik 20:30era egongo da zabalik; zapatutan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; eta igandeetan, 12:00etatik 14:00etara.