EAJren "ekintza politiko eta sozialaren" oinarri nagusiak azpimarratu ditu Joseba Egibarrek Bergaran

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko mai. 1a, 13:28

Ekitaldia egin du gaur goizean Joseba Egibarrek Bergarako batzokian. (Argazkia: EAJ)

Oinarri horiek "justizia soziala, berdintasuna, askatasuna eta elkartasuna" direla adierazi du eta gaineratu "sistema instituzional propio bat" eratu beharra dagoela, "garapen ekonomikoa justizia sozialaren parametroetan sortzen laguntzeko eta Herri gisa dugun etorkizun kolektiboaz arduratzeko".

Bergarako batzokian izan da gaur, maiatzak 1, goizean Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidentea. Mikel Lete Bergarako EAJko alkategaiarekin, Josu Xabier Aranguren Antzuolakoarekin, Maria Ubarretxena Arrasatekoarekin, Leire Artola Beasaingoarekin, Iker Laka Elgetakoarekin eta Xarles Iturbe Tolosakoarekin bildu da eta EAJren ekintza politiko eta sozialaren oinarri nagusiak azpimarratu ditu ondoren egindako ekitaldian.

Esan du "justizia soziala, berdintasuna, askatasuna eta elkartasuna" direla EAJren ekintza politiko eta sozialaren oinarri nagusiak. "Sistema instituzional propio" baten beharra dagoela ere esan du: "Justizia sozialaren parametroetan garapen ekonomikoa sortzen lagunduko digun sistema bat, Herri gisa dugun etorkizun kolektiboaz arduratzea ahalbidetuko diguna".

Gizarte-ongizatearen ereduaren iraunkortasunak kalitatezko lanpostuak sortuko dituen ekonomia indartsu bat eskatzen duela ere esan du eta azpimarratu "egungo ongizate-estatuaren oinarri nagusia industria indartsu, lehiakor eta berritzailea" eratzea dela, "kalitatezko enpleguak sortzeko eta desberdintasun-mailak murrizteko gai izango dena". Administrazio publikoek izan behar duten lehiakortasunaz ere jardun du: "Zenbat eta lehiakorragoak izan administrazio publikoak herritarrei eta sare ekonomikoari eskaintzen dieten zerbitzuan, orduan eta lehiakorragoa izango da gure ekonomia". Enpresek lurraldean dituzten erabakiguneak sendotzea beharrezkoa dela gaineratu du Egibarrek, "enpresetako belaunaldi-erreleboko egoeren aurrean eta erabakiguneak Euskaditik urrundu ez daitezen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak