Zapatuan, apirilak 29, Belaunaldien Arteko Elkartasunerako Nazioarteko Eguna dela eta, ekintza berria egin dute gaur arratsaldean Beraran. Elkarrekin jolasean izena jarri diote ekimenari, Lehen Hezkuntzako ume eta gaztetxoak herriko nagusiekin jolasaren bueltan elkartzeko. Udalak, Jardunek, Aidau haur zerbitzuak, San Joxepe elkarteak, Nagusilanek eta Duintasuna elkarteak hartu dute parte esperientzia pilotu hori antolatzen.
Oxirondon elkartu dira eta pista-joko bat jarraituz, San Joxepera eta Bideberrira heldu dira taldeak; hiru talde osatu dituzte. Gune bakoitzean jolas ezberdinak egin dituzte. Oxirondo azokan, esaterako, Jazz-dance- zer den azaldu diete gaztetxoek erretiratuei eta dantzan aritu dira. Elkarri baloia pasatuz ere egin dute jolas. San Joxepe elkartean, berriz, igelaren jolasa eta toka nolakoak diren ikusi dute umeek, eta nagusien azalpenak entzun eta gero hasi dira jolasten. Bideberrin soka-saltoan aritu dira umeak eta nagusiak.
Jolasak amaitzean Munibe plazan elkartu dira hiru taldeak eta elkarrekin hartu eta jan dute guztiek txokolatea eta gailetak.