Bergarako EH Bilduk aurkeztu du udal hauteskundeetarako zerrenda

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko api. 28a, 16:22

Bergarako EH Bilduk atzo aurkeztu zuen, Munibe plazan, maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako zerrenda. "Bergara bizitzeko herri hobea izan dadin nahi dugu, eta horretan lan egiteko konpromisoak eta gogoak batzen gaituzte. Ilusioa, esperientzia, ekintzailetasuna, jakintza, bizitasuna, entzuteko prestutasuna eta beste hainbat ditugu ezaugarri", esan zuen Gorka Artola alkategaiak.

Andrea Gonzalezek aurkeztu zuen ekitaldian adierazi zuten lankidetzan eta partaidetzan oinarritutako ereduan sakontzen jarraitu nahi dutela. Bergarar guztiak ondo bizitzea helburu estrategikotzat hartuta, ongizatea hobetzea, ekonomia biziberritzea, ekintzailetasuna sustatzea, herri parekidea izatea, zaintzen duen herrirantz urrats eraginkorrak egitea eta ingurumena zaintzea hartuko dituztela lan ildo orokor moduan, besteak beste. 

Aldarrikapen politikoez gain, ekitaldiak izan zuen kulturatik ere; Maitane eta Alex Arteagak abesti bat jo zuten eta Izar eta June Odriozolak poema musikatu bat eskaini zieten bertaratutakoei. Ondoren, banan-banan aurkeztu zituzten zerrenda osatuko duten herritarrak; esan zuten Bergara bera bezala, taldea zabala dela, ertz ezberdinetatik begiratuta.

Gorka Artola: "Ilusio handia eta sekulako konpromisoa duen taldea daukagu"

Hain zuzen, Gorka Artola alkategaiak adierazi zuen "izugarrizko poza" sentitzen duela ondoan izango duen taldearekin. "Ilusio handia eta sekulako konpromisoa duen taldea daukagu, lanerako prestutasun osoarekin. Alkate batek talde on bat behar du atzean; agintaldi honetan izan dugu eta hurrengo agintaldi begira ere izango dugu, seguru. Lanerako arlo mordoa daude eta horretarako aniztasuna eta ikuspegi ezberdinak izatea oso inportantea da. Horren bila ere joan gara, eta uste dut oso ondo lortu dugula".

Artolak gaineratu zuen amaitzera doan agintaldian garatu duten gobernatzeko modu berrian sakontzeko asmoa dutela datozen lau urteetan: "Gauza asko egin ditugu baina enfasia jartzen dugu nola egin dugun horretan. Margena badaukagu gauza asko hobetzeko, betiere eragileekin eta norbanakoekin. Eta horrela jarraitzeko asmoa dugu".

Maite Usabiaga: "Ardurarekin, baina itxaropen handiarekin gaude"

Udal Gobernuan egon direnak izango dira zerrendan baina baita aurpegi berriak ere. Horietako bat da laugarren joango den Maite Usabiaga; arduraz hartzen du erronka berria baina baita, dioenez, ilusio handiarekin ere. "Imajinatu dezaket ordutegirik gabeko lan bat izango dela, herriari oso gertutik erantzuteko prest egon beharrekoa. Ardurarekin, baina itxaropen handiarekin gaude [...]. Asko baloratzen dut Udal Gobernu honek egin duen lana, sekulako meritua dute. Pandemia oso zatar bat kudeatzea tokatu zaie eta uste dut oso ondo kudeatu dutela. Hala ere, zentratuko nintzateke nik gertuagotik bizi izan ditudan proiektuak; benetan pertsonan zentratuak izan dira, oso parte hartzaileak, feministak. Erabat partekatzen dut gobernatzeko modu hau".

Sartuko direnei eta orain zinegotzi direnei eta errepikatuko ez dutenei eskerrak emateaz gain, ekitaldiaren amaieran azpimarratu zuten maiatzaren 28an boto guztiak izango direla beharrezkoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak