Bergarar bat atxilotu dute Realaren eta Romaren arteko partidu aurretik izandako istiluengatik

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko api. 19a, 18:41

Martxoaren 16an Donostian jokatutako Europa Ligako partidaren aurretik ordena publikoan sortutako istiluengatik egindako ikerketaren esparruaren baitan, 27 eta 41 urte bitarteko bost pertsona –horietako bat Bergaran– atxilotu ditu Ertzaintzak  desordena publikoak eta kalteak leporatuta.

Bergaran, Donostian, Lezon eta Durangon egin dituzte atxiloketak; operazioa oraindik zabalik dago eta Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du.

Reale Arena estadioaren inguruan

2023ko martxoaren 16an gertatu ziren istiluak, Realaren eta Erromaren arteko Europa Ligako partidaren aurreko orduetan. Ertzaintzak jakinarazitakoaren arabera, Erromako taldearen zaleen autobusak futbol-estadiora inguratzen ari zirenean, hainbat pertsonak desordena publikoak sortu zituzten, eta, besteak beste, objektuak eta bengalak bota zizkieten jarraitzaile italiarren autobusei eta segurtasuneko polizia-dispositiboa osatzen zuten ertzainei.

Atxilotuak Ertzaintzaren egoitzara eraman dituzte polizia-eginbideekin jarraitzeko, eta, horiek amaitzean, Donostiako Guardiako Epaitegiaren eskuetan jarriko dituzte.

Ertzaintzak babestuta autobusen konboia pasatzen ari zenean, galtzada-harriak, harriak, estolda-tapa bat eta era guztietako objektuak bota zizkieten. Istiluetan bertan hiru gizon, –19 urteko bat eta 31 urteko bi–, atxilotu zituzten desordena publikoak eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua leporatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak