Lau bergarar Euskadiko Ikasleen Orkestran

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko api. 12a, 13:10

Maitane Suinaga, Alazne Suinaga, Beñat Askargorta eta Lander Mujika biolina eskuan dutela. Argazkia: Y.S.

Maitane Suinaga, Alazne Suinaga, Beñat Askargorta eta Lander Mujika biolin jotzaileek aste guztia daramate Euskadiko Ikasleen Orkestrako entseguetan parte hartzen asteburuan emango dituzten hiru kontzertuei begira.

Euskadiko Kontserbatorio eta Musika Eskoletako 84 ikaslek osatzen dute EIOren proiektua eta, Aste Santuko opor garai betean, neska-mutilak buru-belarri ari dira entseguetan, Bilbon, Gasteizen eta Donostian kontzertuak eskaintzeko. Horien artean dira, hain zuzen, lau bergarar gazteak eta debagoienatik aritu diren bakarrak. Aurrez, ordea, orkestra gazte honetako kide izateko audizioak eta sarrera-probak gainditu behar izan zituzten, joan zen otsailean.

Egungo euskal zuzendaririk aktibo eta ospetsuenetariko baten gidaritzapean ari dira lanean, EHUren Bilboko Miguel de Unamuno Ikastetxe Nagusian, Iker Sanchez Silva gasteiztarraren esanetara. Sanchezen zuzendaritzapean, Juan Crisostomo Arriaga, Antonin Dvorak eta Mikel Iturregiren lanak joko dituzte gazteek. Aipatzekoa, kontzertu-programan, Iturregi konposatzaile sopelarrak EIOrentzat idatziriko Bi sehaska kanta agertzen dela; estreinakoz joko duten lana izango da.

Hiru kontzertu asteburuan

Bihar, eguena, egingo dute entsegu orokorra, arratsaldez, eta ondoren kontzertuak. Ostiralean, Bilboko kontserbatorioan emango dute lehen kontzertua, arratsaldez (19:30). Zapatuan, berriz, Gasteizeko kontserbatorioan, ordu berean; eta domekan, eguerdian (12:30), Donostiako Musikenen izango dira. Kontzertuetarako sarrera doakoa izango da, auditorioaren edukiera bete arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak