Ostiral, zapatu eta domekan zehar lerroko patin gaineko 21 hockey partidu egon dira ikusgai Labegaraietako kiroldegian. Espainiako txoko askotatik etorri dira neska-mutilez osatutako taldeak, besteak beste Mallorcatik, Tenerifetik, Elxetik eta Albacetetik. Burdinolako jokalariek ez dute parte hartu, Euskal selekzioaren entrenamenduekin bat egin duelako hitzorduak, klubeko presidente Agustin Oiangurenek azaldu bezala.
Bi ligaxkatan antolatuta, taldeek elkarren aurka jokatu dute; multzo bakoitzean lehenak geratu direnek zuzenean lortu dute kanporaketa nagusietarako sailkatzea, eta bigarren sailkatuek elkarren artean neurtu dituzte indarrak.
Azkenerako, ekainean Lugon jokatuko den txapelketa nagusirako txartela eskuratu duten hiru taldeak Tres Cantos, Arona Tenerife Guanches eta Aranda de Duero izan dira. Horiek Espainia mailako lau talde onenen aurka jokatzeko aukera izango dute, Kataluniako, Madrilgo, Valentziako eta Castilla eta Leongo talde indartsuenen aurka, alegia.
Burdinola, erronka handien atzetik
Asteburuko aurre-kanporaketa Bergaran antolatzea Burdinola Irristaketa klubak duen filosofiaren baitan uler daiteke: "Gure helburua klubari ahalik eta proiekzio handiena ematea da, eta hori dimentsio handiko txapelketak antolatuta ere lortzen da", dio Oiangurenek.
Ildo beretik, iaz 20 urtez azpiko emakumeen txapelketa antolatu zuten, eta aurten, ekaineko lehen asteburuan, gazte mailako torneo nagusia ekarriko dute Bergarara. Eta horretan bai neurtuko dituztela indarrak Burdinolakoek Espainia mailako punta-puntako taldeekin.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!