2023ko Itzulia azken etapan sartuko da Debagoienean, Elosutik. Beste hainbatetan bezala, Gorlako aldapa eta bihurguneetan lehiatuko dira UCI ProTour mailako eliteko ziklistak. Bigarren mailako mendatea da Gorlakoa, itsas mailatik 684 metrora du puntu altuena. Gaurko lasterketako 45. kilometroan helduko dira horra txirrindulariak, aurreko 9 kilometroak %5,7ko pendizean igota. Aurretik bi igoera egingo dituzte: Elkorrieta eta Azurkil. Azkoititik Bergarara heldutakoan Soraluzerantz abiatuko dira, eta hortik aurrera Krabelin, Trabakua, Izua eta Urkaregiko maldetan neurtuko dituzte indarrak, irten diren herri berean, Eibarren, helmugaratzeko.
Hortaz, 4.000 metroko desnibeleko eta 137,8 kilometroko ibilbide sigi-sagatsuak emango dio amaiera 62. Itzuliari. Oraingoz Jonas Vingegaard doa lider, iazko Tourreko txapelduna. Jumbo-Vismakoak 13 segundora du sailkapen orokorrean Mikel Landa. Murgiarra bigarren postuan doa, eta Jon Izagirre, berriz, seigarren, liderrarengandik 34 segundora, podiumera igotzeko borrokan.
Gainera, Caja Rural-Seguros RGAko Jon Barrenetxeak mendiko maillota etxera eraman nahi du. Mendiko puntu gehien batu dituena da oraingoz, 32rekin, eta bigarrenak 18 dauzka.
Zirraragarria izateko osagai guztiak dituen lasterketa izango da, zaleek gustura jarraitzekoa.