Bergara Hiriak 25 urte beteko ditu aurten, eta, hiru urtetako hutsunearen ondoren, indarberrituta dator txapelketa. "Bestelako torneo eta partiduekin klubean lanpetuta ibili gara, baina pandemia tarteko duela hiru urte bertan behera geratu zen torneoa; dena gertu geneukan. Hala, orain, gainontzeko pilota elkarteetatik esaten ziguten ea noiz errekuperatu behar genuen torneoa. Bada, interesa dagoela ikusita, animatu egin gara", adierazi du Julen Aranburuk. Hain zuzen, apirilaren 18an hasita, 40 pilotari batuko dituzte Bergaran –sei bikote izango dira emakumezkoen kategorian, sei promesen kategorian eta zortzi bikote elite mailan–.
Debagoieneko zortzi
Txapelketak puntako pilotariak batuko ditu, eta tartean egongo dira Debagoieneko zortzi. Emakumezkoetan, Maddi Barrocal (Bergara), Uxue Oses (Oñati), Maddalen Etxegarai (Oñati) eta Leire Galeano (Antzuola). Eta elite mailako gizonezkoen kategorian batuko dira Ander Murua (Arrasate), Ander Etxaniz (Bergara), Iñigo Erle (Oñati) eta Manex Balerdi (Antzuola). "Bertako pilotariei lekua egiten saiatzen gara, baina ez bertakoak direlako bakarrik, baita maila oneko pilotariak direlako ere". Partiduak martitzenetan jokatuko dituzte (19:30) eta finalak Pentekosteetan izango dira.