Bakarka, besoak altxatuz eta behar den bezala ospatuz zeharkatu du Gorlako helmugako pankarta David Delgado ziklista andaluziarrak. Azken malda erabakigarrietan, gehiago izan da Cortizo taldeko eskalatzaile gaztea, eta garaipen handia erdietsi du Bergaran. Podiumerako lehia bizia izan da azken metroetara arte eta Jorge Gutierrezek, azken metroetan gainditu du Julen Arriolabengoa eskoriatzarra. Bestalde, Gorlako Igoeraren ostean, Euskaldun txapelketako lider jarri da Laboral Kutxako Iker Mintegi altsasuarra.
Gorlako lehenengo igoeran, lasterketaren ia erdialdean, Daniel Criado (Finisher Kern Pharma) izan da azkarrena eta berak irabazi du Jose Mari Gabilondoren omenezko Malatu saria. Hala ere, ohikoa den moduan, lasterketa bigarren eta azken igoeran erabaki da. Ihesaldia bertan behera utzi du tropelak, eta apurka, Finisher Kern Pharma taldekoak euren nagusitasuna ezartzen joan dira. Bost onenak gelditu dira azken maldetan, horietako bi Finisher taldekoak, eta orduan jo du eraso gogorra Delgadok, besteak atzean utziz.
Helmuga zeharkatu eta malko-betean hasi da, emozioz gainezka, Cortizo taldeko David Delgado txirrindularia: "Hemen irabaztea ametsa da. Oso hunkituta nago, egin dudan lehenengo gauza etxekoei deitzea izan da helmuga zeharkatu ostean. Ez nuen igoera ezagutzen, hemen nagoen lehenengo aldia da-eta, baina lehenengo igoeran errepidea ondo ezagutzeko aukera baliatu dut, eta erasoa non joko nuen erabakitzeko balio izan dit".
Sailkapena:
- David Delgado (COR)
- Jorge Gutierrez (FIN)
- Julen Arriolabengoa (CJR)
- Pablo Carrascosa (FIN)
- Iker Mintegi (LAB)