'Gorla aste bukaera' Bergaran, bihar hasita

Xabier Urtzelai 2023ko mar. 24a, 15:00

Lokatzakoek zapaturako eta domekarako antolatu dituzte hitzorduak Gorlan.

Gorlako maldek hitzordu bikoitza hartuko dute asteburuan: zapatuan, martxa zikloturista egingo dute, Pello Garitano omentzeko helburuarekin (11:00); eta domekan, amateur mailako puntako ziklisten txanda izango da (10:00).

Domekakoek azkarrago igoko dute Gorla, baina zapatukoek gehiago gozatuko dute malda haietan, seguru. Izan ere, datozen bi egunetako bizikleta-festa Gorla asteburua moduan izendatu dute Lokatzakoek. "Ikusteko dago bi hitzorduetako zeinetan batuko diren txirrindulari gehiago; hortxe-hortxe egongo da kontua. Izan ere, oraingoz –martitzen arratsaldea–, bi hitzorduetako bakoitzerako 180 bat txirrindularik eman dute izena", adierazi du Lokatzako presidente Jon Unamunok.

Bihar ez dago erlojurik

Esan bezala, Gorlako I. martxa zikloturista jai giroan egingo dute. Tentagarria bazen ere, Lokatzakoek erabaki dute zikloturisten denborak ez hartzea. Izan ere, 2001era arte amateur mailako lasterketak zapatuan zikloturistek egingo duten probaren formatu oso antzerakoa zuen; alegia, Bergarako plazan hasi eta Gorlaraino kronoigoera egiten zuten. "Baina zikloturistei ez dizkiegu denborak hartuko. Norbait etorriko da igoera azkar egiteko asmoarekin, eta erreferentzia moduan esango diogu Contadorrek 2001ean erlojua 20.30ean geratu zuela", dio, umorez, Unamunok.

Bizikletan mozorrotuta

Biharko martxarako Lokatzako lagunek deialdia egin dute, zikloturistak –nahi duenak– mozorrotuta joan daitezela. Izan ere, hitzordua baliatu nahi dute Pello Garitano omentzeko, eta, ziklismo taldetik gogorarazten dutenez, "Pello Garitano oso mozorro-zalea zen". Hala, festa giroan egiteko martxa izango bada ere, batek baino gehiagok denbora ona egin nahiko du. Jakin, ez dela azkarrenendako saririk egongo, baina bai zozketa ederra. Eta, mozorro onenarendako sari aparta gorde dute. Hala, adierazi dute proba amaitutakoan, Gorlatik Bergararako jaitsiera lasai egingo dutela, taldetan, eta abiadura mugatuarekin: "Bizikletan ondo ibiltzen diren zikloturistak batuko dira, baina baita bizikletan gutxi ibiltzen direnak ere. Eta, ez dugu nahi inork minik hartzerik", dio Uribek. 

Euskaldun proba domekan

Domekan, berriz, puntako ziklistak batuko dira Gorlako 48. Igoeran. Hori bai, nekez gerturatuko da inor Contadorren markara. Euskaldun proban aurreko postuetan dauden Dylan Westley, Iker Mintegi, Unai Zubeldia eta Julen Arriola-Bengoa  –aita aramaioarra du lasterketan izango dira, baita ibarreko ordezkari bakarra ere, Baque taldeko Aimar Erostarbe oñatiarra.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak