Maddiren trajeria pastoralaren azken emanaldia izango da Bergarakoa; pozik Bergaran ere egiteaz?
Halaxe da, azken emanaldia izango da Bergarakoa. Lantalde osoa, 100 bat lagun, biziki pozik gaude. Xareta eskualdeko lau herrietako parte-hartzaileak biziki harro gaude pastoral hori Bergaran eskainiko dugulako, Gipuzkoako herri baten. Muga gabeko pastorala deitu diogu, hegoaldearen eta iparraldearen arteko muga gainditu dezagun.
Nola heldu da Bergarara?
Badakit taldeko kide batzuek harremanak zituztela Bergaran bizi diren batzuekin, eta aurretik egindako lau emanaldiak amaitu ostean beste emanaldi bat egin nahi genuela-eta Bergarako herriari proposatzea erabaki genuen. Proposamenak sekulako harrera izan zuen Udalean, eta, pastorala aurkeztu ondoren, alkateak eta Kultura Sailean lanean ari diren langileek segituan agertu zuten interesa; egun egoki bat proposatu ziguten, eta aurrera.
Pastoralak ikusteko ohiturarik ez duenak zergatik joan beharko luke frontoira martxoaren 25ean?
Bost diziplina dituen ikuskizun oso bat delako. Ikuskizun osoan zehar kantuez, dantzez eta bertsoez gozatu ahalko da eta eszena guztietako sarrerak eta irteerak musikaz lagunduta egiten dira. Pastoraleko zuzendari bezala, saiatzen naiz pastorala ahalik eta dinamikoena izaten, une oro ikuslearen arreta atxikitzen.
"Mugarik gabeko pastorala deitu diogu, hegoalde eta iparralde arteko muga gainditzeko"
Leku egokia da udal pilotalekua pastorala interpretatzeko?
Egiazki leku egokia dela. Jarlekuak erosoak dira eta, oholtza lurraren altueran jarrita izango dugunez, bertaratuko diren guztiek ondo ikusiko dute. Kasu honetan, gainera, musikariak agertokiaren ondoan egongo dira, ikusle guztien bistara. Arizale edo aktore bakoitzak bere mikroa izango du soinean, sonorizatzaile profesional bat dugu-eta lantaldean.
2011n Monzon pastorala izan zen Bergaran; egon zinen bertan?
Ez nintzen bertan egon, baina kontatu didate ederra eta biziki hunkigarria izan zela. Monzon pastorala ikusia nuen Larrainen eta biziki ederra iruditu zitzaidan; bereziki, dantzak. Eta sinistu nahi dut bergararrek badutela oroitzapen paregabea... Badakit, gainera, Larraineko arizaleekin festa luzatu zela gauez eta denek egin zutela lo herritarren etxeetan. Ordutik, harremanak mantentzen dira bi herrietako herritar batzuen artean.
Pastoralaren aurretik desfile bat ere egingo duzue, ezta?
Zuberoan eta beste lekuetan egiten diren pastoraletan beti egoten da desfile bat. Hor hasten da pastoralaren eguna; desfilearen helburua da egun berezia girotzea. Desfilearen amaieran dantza bat eskaini ohi dugu, eta pastoraleko kantu bat.
Uste duzu bergararren gustuko ikuskizuna izango dela?
Baietz uste dut. Pastoral horrek, gainera, baditu berezitasun batzuk: lehena da haurrek leku eta presentzia handia dutela pastoral osoan; bigarrenik, lehen aldiz egingo dugu fikziotik ere baduen pastorala, hor egongo dira oihaneko animaliak; jostunek irudimena martxan jarri dute, eta ea ikusleak asmatzen duen zein animalia diren...
Ezer gaineratu nahiko zenuke?
Arrakasta handia izan du pastoral horrek. Seguru naiz plazer handiarekin ikusiko duzuela; ororen gainetik jakin behar duzue arizale guztiak biziki motibatuta daudela ikuskizun ezin ederragoa eskaintzeko.