Brasilgo eskaerari aurre egiteko, Errekak Bergaran duen lantegian diseinatu eta ekoiztu ditu soluzioak; hori horrela, ate automatizatuen salmentaren dimentsioak eta bolumenak indartu egiten du Errekaren presentzia Ameriketako merkatuan.
BRT-ren ibilbide berriak zaharberritzeko kontratua ere bai
Mondragon Korporazioan kokatutako kooperatibak BRTen –Bus Rapid Transit- ibilbide berriak zaharberritzeko kontratu "handia" lortu du Rio de Janeiron –TransOeste, TransCarioca eta TransOlimpica–.
Autobus artikulatu bidez garraio publiko masiboa bideratzen duen sistema da BRT, bidaiarien fluxua hobetzeko sortu zutena. 21 hiritan dago BRT Brasil eta 11.000.000 milioi bidaiari ditu egunean. Bestalde, TransBrasil garraio masiboko proiektu bat da Rio de Janeiro hiriburuan eraikitzen ari direna eta bereziki hiriaren hegoaldeko biztanleei garraio soluzioak eskaintzeko sortu da. Linea berriak 1.000.000 pertsonari eskainiko dio zerbitzua.
Bi proiektu horiek aukera eman diote Erreka kooperatibari 55 autobus geltokitan sarbide automatikoak jartzeko, eta geltoki bakoitzean 40 eta 60 ate inguru jarriko dituzte. Hala, bi akordioak zenbatuta, Errekak 2.500 sarbide automatiko ekoiztuko ditu.
Brasilera joango dira astelehenean
Ate automatikoen instalazioa eta salmenta operazioa dela eta, martxoaren 20an, astelehena, Errekako zuzendari nagusi Antton Tomasena eta Connected Access negozio unitateko zuzendari Aitor Sotes Brasilera joango dira. TransBrasil-en instalazioak eta linea berrien obrak bisitatuko dituzte eta Jessik Trairi, Obra Azpiegituratako idazkariaz bilduko dira hurrengo egunean, eta. martxoaren 22an, berriz, Bus Rapit Transit-en (BRT) instalazioak eta lineak bisitatuko dituzte eta 1.500 sarrera-irteera automatizatuen instalazioaren ekitaldian parte hartuko dute.