Bueltan dator Arrano Pilota Txapelketa, 'Abertzaleok garaipenera' dinamikaren barruan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko mar. 13a, 15:19

Pilota txapelketa iragartzeko agerraldia joan den egubakoitzean, Artatse elkartean. Argazkia: Bergarako Ernai.

Bergarako Arrano tabernak eta Ernaik berriro antolatu dute garai bateko herriko pilota txapelketa, Abertzaleok garaipenera dinamikaren bueltan. Oraingoan, baina, binakako hiru txapelketa antolatzea da asmoa: emakumezkoena, mistoa eta gizonezkoena. Bergarako, Antzuolako eta Elgetako gazteei dei egin diete txapelketan parte hartzeko; bikote bakoitzak 22 euro ordaindu beharko du eta kamiseta bana jasoko dute opari.

Pilota txapelketan izena eman daiteke Bergarako Arranon, Antzuolako Aitz Garbi tabernan eta Elgetako Haizea tabernan. Argibide gehiago: 688 86 66 61 edo bergaraherripilota@gmail.com. Hasiera baten, martxoaren 19ra arte emango dute izena emateko aukera; txapelketa apirilaren 3an hasiko litzateke, eta finala maiatzaren 20an, betiere izena ematen duten bikoteen arabera.

Maiatzerako ekitaldiak

Era berean, ildo politikoari dagokionez, iragarri dute maiatzerako hitzaldi edo solasaldi eta aurkezpen batzuk antolatuko dituztela: "Horrela, abertzaletasunaren ertz desberdinen inguruan ikasi eta hausnartzeko aukera edukiko dugu. Neoliberalismoak sortutako krisi kulturalak euskal gizarteko jendea hizkuntza komunitate gutxiagotu eta kulturalki menderatu baten parte izatera kondenatu du, beraz, nazio zapalkuntzan sakontzen du. Guk nazio pultsuaren lausotzearen aurrean, abertzaletasuna eta bere aldeko borroka inoiz baino beharrezkoa dela deritzogu, baina dinamikaren pretentsio nagusia, etorkizuneko euskal nazioaren oinarrien berriro eraikitzearen inguruan aritzea eta hausnartzea izango litzateke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak