Martitzenean jokatu ziren Soraluce lau eta erdiko pilota txapelketako 13. edizioaren barruko bigarren finalerdiak, promesen eta nagusien mailetan. Promes mailako bigarren finalerdia Beñat Zubizarretaren eta Beñat Apezetxearen artekoa izan zen; Zubizarreta gailendu zen (22-13). "Zubizarretak sakez min handia egin zion Apezetxeari, eta ezkerreko paretara hainbat pilota zail sartu zizkion. Zubizarretak erakutsi zuen oraindik ere Apezetxearen gainetik dagoela", dio BKEko Pilota Saileko arduradun Julen Aranburuk. Zubizarretak Unai Amianoren aurkako jokatuko du promes mailako finala, martxoaren 14an, 19:30ean hasita.
Nagusietan, Javier Oskoz eta Gaizka Carregal aurrez aurre
Nagusien mailako bigarren finalerdia, berriz, oso lehiatua izan zen. "Oso partidu gogorra eta luzea izan zen. Oskoz jarri zen aurretik, baina bazirudien bigarren zatian Canabalek buelta emango ziola, fisikoki hobeto zegoela zirudielako... Hala ere, Oskozek ez zuen amorerik eman eta errekuperatzen joan zen tantotik tantora. Tanto oso gogorrak jokatu zituzten, bereziki, partiduaren azken txanpan; Oskoz hobeto aritu zen tantoak amaitzeko orduan. Horren adibide da 21-21 zihoazela Canabal zabalera mozten saiatu zela, baina txapara joan zitzaion", zehaztu du Aranburuk. Oskozek iazko txapelduna izan zen Gaizka Carregal izango du aurrez aurrez martxoaren 14ko finalean.
Finaleko ikuskizunaren zain
Txapelketa ondo doala dio Aranburuk, nahiz eta onartu duen promes mailan pare bat partidu desorekatuak izan direla. Nagusien mailan, berriz, "gogorrak eta lehiakorrak" izan dira partidu gehienak. Finalerdietan zale asko izan ziren: "Pozik gaude, alde horretatik; ea finalek ikuskizuna eskaintzen duten".