Udal hauteskundeetarako programa "bergarar guztiekin" osatu nahi dutela adierazi du Letek: "Bergarar guztien proposamenak jaso nahi ditugu". EAJko Bergarako alkategaiak adierazi du "Bergarako herritarrek politika egiteko eta politikariekin harremanak izateko bide berriak" eskatzen dituztela eta erronka horri heldu nahi diotela: "Bergarako pertsona eta elkarteen ekarpenak jasotzen jarraitu nahi dugu. Ezinbestekoa da gure proposamenak udalerriko bazter guztietako errealitateak eta beharrak aintzat hartzea: Bergara anitza delako eta herritarrekin gobernatu nahi dugulako, eta ez herritarrari bizkarra emanez, guztiontzat gobernatu nahi dugu, ezberdinen arteko eskuzabaltasunetik eta elkar ulertzetik abiatuta, eta ez sektarismotik".
Leterekin harremanetan jartzeko moduak
Letek dio ekarpenak bertatik bertara jasotzeko "gogoz" dagoela: "Pertsonak erdigunean jarri nahi ditugu erabakiak hartzerakoan. Esperientziak erakutsi digu proiektu parte-hartzaileekin erakundeotan izan ditzakegun ideiak aberastu egiten direla". Bi modu zehaztu dituzte Leterekin harremanetan jartzeko: 688 73 52 88 telefono zenbakia –whatsapp mezuak barne– edo eajpnvbergara@gmail.com helbide elektronikoa. Telematikoki betetzeko inkestak ere atera dituzte.