Aurreko asteburuan Urolaren kontrako urrezko hiru puntuak diamantezko bihurtu dira, gaurko garaipenaren ostean. Bergarak bolada onari eutsi dio, eta behetik gorako bidean, mendean hartu du Oiartzun. Sailkapeneko laugarren tokian dagoen taldearen kontrako garaipena defentsan egindako lanean oinarritu dute.
Egia da, lehia alde jarri zaiela bergararrei bosgarren minutuan, Aguerok sartutako golari esker. Egia da, era berean, lehen zatian hobeak izan direla etxekoak. Bada, bigarrenean, baloia menderatu du Oiartzunek, berdinketaren bila erasoa planteatu duenean. Baina, une horretan, agertu da mahoneroen defentsa sendoa. Akatsik egin barik, gogor eutsi dute Oiartzunen erasoa. Behin eta berriz ahalegindu dira Mikel Larrañagaren atera heltzen, baina, behin eta berriz egin dute topo etxekoen atzeko lerroarekin.
Are gehiago, Bergara izan da bigarrena egiteko aukera garbiena izan duena.
Hurrengo asteburuan Vasconiaren kontra jokatuko dute mahoneroek. Irabazi ezkero, sailkapenean beste salto bat emateko aukera izango dute.
UDAk, irabazi
Hain justu ere, sailkapenean jauzi handia eman du UDAk, Zarautzen etxean irabazi ostean. Unai Calzonen taldeak 1-2 irabazi du Astin, eta 33 punturekin daude, sailkapenaren zortzigarren lekuan. Beloki eta Ezeiza izan dira golegileak.
Mondrak, galdu
Burua jaso ezin dabil Mondra, eta berriro galdu du etxean, oraingoan, Zumaiakoaren kontra: 0-2. Mirari bat baino askoz gehiago beharko dute arrasatearrek mailari eusteko.