Aroztegi aretoan dagoen bilduman ikusgai dauden lan guztien sorkuntza prozesuan hitzek eta letrek duten garrantzia azpimarratu gura izan dute emakume artistek. "Artea beti egon da lotuta poesiarekin. Hitzak ezinbestekoak dira poesia egiteko, edo gure margolanekin ipini ditugun testuak sortzeko", esan du erakusketan parte hartu duen Arantzazu Arregik.
Margolanak dira gehienak: olioak, akrilikoak eta akuarelak, baina, badaude beste artelan batzuk ere. Guztira, herriko 25 artistaren lanak daude. 20 urtetik 75 urtera arteko artisten lanak daude. Aurten ere, Maddi Martin da gazteena, Bergarako Arte Sorkuntza eskolako kidea. "Bigarrengoz ipini dut lan bat Aroztegin, eta gozamena da. Eta, are pozgarriagoa da, talde honetako kide izatea. Belaunaldi ezberdinetako pertsonekin afizioa partekatzea oso aberasgarria da", esan du Martinek.
Hilaren 19ra arte
Artea eta hitza erakusketak ohiko ordutegia izango du, hilaren 19ra arte: martitzenetik egubakoitzera 18:00etatik 20:30era; zapatuetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; eta domekatan, 12:00etatik 14:00etara.