Gaur irekiko dute Bergarako emakume artisten erakusketa, Aroztegin

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko mar. 3a, 10:12

Gaur irekiko duten erakusketa muntatzen, Aroztegin, atzo goizean. Argazkia: Justina Elexpuru.

Emakume artisten kolektiboak zazpigarrenez antolatu duen erakusketa gaur inauguratuko dute (19:30), Aroztegi aretoan, eta hilaren 19ra arte bisitatuko ahalko da; aurtengoari Emakumea eta hitza izena jarri diote, besteak beste, testuek presentzia berezia izango dutelako.

Martxoaren 8aren egitarauaren barruan klasiko bihurtu da Aroztegi aretoko herriko emakume artisten erakusketa. Aurtengoa zazpigarrena da dagoeneko eta Emakumea eta hitza izena jarri diote. "Artista bakoitzak testu bat jarriko dio artelan bakoitzari, artelanarekin zerikusia izan daitekeena edo ez. Artista bakoitzak erabaki du zer eta nola jarri. Horrez gain, hitza eta artea nolabait lotzeko, bi txoko ere egokitu ditugu Aroztegin: idazlearen txokoa eta margolariarena", adierazi du erakusketako artistetako batek, Justina Elexpuruk.

Aurten, herriko 25 artista

Gaur inauguratuko dute erakusketa (19:30) eta martxoaren 19ra arte bisitatu ahalko da. Margolanak dira gehienak, olioak, akrilikoak eta akuarelak, baina badira bestelako artelanak ere. Aurten ere 20 urtetik 75 urtera arteko artistak batu ditu ekimenak, hainbat belaunaldiren arteko lanketa ahalbidetuz. Herriko 25 artista izan dira aurtengo erakusketan parte hartu dutenak: Alicia Garcia, Mariñe Jauregi, Ana Abajo, Arantzazu Arregi, Cecilia Dulanto, Maialen Lopez, Espe, Idoia Etxarri, Justina Elexpuru, Kontxi Idigoras, Maite Azkargorta, Maria Cruz Andueza, Mari Karmen Laskurain, Mireia Gonzalez, Nekane Bernal, Nerea Kerejeta, Usoa Mendikute, Zu-Frida, Amaia Santamaria, Maddi Martin, Marilu Unzurraga, Lierni Narbaiza, Itziar Murgizu, Mari Paz Alustiza eta Ione Telleria.

Ohiko ordutegia izango dute

Erakusketak ohiko ordutegia izango du: martitzenetik egubakoitzera 18:00etatik 20:30era egongo da zabalik; zapatuetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; eta domeketan 12:00etatik 14:00etara. "Eskerrik asko artista guztiei eta beste urtebetez proiektu polit hau aurrera ateratzea posible egin duzuenoi", diote antolatzaileek.

2022ko erakusketan parte hartu zuten artista gehienak, Aroztegin.

Iaz, omenaldia emakume baserritarrei

Pandemiako neurriak indarrean zirela egin zen iazko erakusketa, Bertatik bertara, emakume baserritarren bizitza izenburu izan zuena. Emakume baserritarrek omendu nahi izan zituzten emakume artisten kolektiboak eta Martxanterak talde feministak, eta margolanek, zeramika lanek eta ikus-entzunezkoek osatu zuten, besteak beste. Ikusmin handia piztu zuen erakusketak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak