Euskararen aurkako "eraso judizialaren" kontra aho batez, eztabaidarik gabeko bilkuran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko ots. 28a, 15:18

Euskararen aurkako erasoa salatzeko bozketa, atzoko bilkuran.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Barakaldoko Udalaren aurka egindako "eraso judiziala" salatzeko mozioa aho batez onartu zuen Bergarako udalbatzak atzoko bilkuran –PSE-EEko Alberto Alonso ez zen egon–. Bestalde, Martxoaren 8ko Eudelen adierazpena aho batez onartu zen; EH Bilduk gai zerrendaz kanpo aurkeztutako Martxoaren 8a, zaintzen duen herria helburu mozioaren aurrean abstenitu egin zen EAJ, "prozedura arrazoiengatik".

2023 hasieran Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Barakaldoko Udalaren aurka egin zuen Comisiones Obreras sindikatuaren helegitea aintzat hartuta eta azpikontratatutako zerbitzuetan gutxieneko euskara maila eskatzearen aurka ebatzi zuen. Horren aurrean, EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen euskararen aurkako "eraso judizial" horri aurka egiteko, eta EAJk babestu egin zuen.

Halaxe azaldu zion mozioaren helburua EH Bilduko bozeramaile Nagore Iñurrategik: "Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko konpromiso zehatzak hartu ditugu irmo jarraitzeko gaur egun dagoeneko eskaintzen dugun euskarazko zerbitzu horretan. Batez ere, beste leku batzuetan ikusi dugun moduan, judizializazioak euskarari kalte handia egin diezaioke; atzerapauso esanguratsu bat izan da, eta atzerapauso hori salatu nahi izan dugu".

EAJko Maite Agirrek lehen berba euskaraz egin ahal izatea bermatu behar dela esan zuen: "Gure lurraldeko hizkuntza euskara da, zaindu eta sustatu behar duguna. Bermatu egin behar dugu lehen berba euskaraz egin ahal izatea; horregatik eman diogu aldeko botoa EH Bilduren mozioari".

Martxoaren 8aren bueltan, bi adierazpen

Bestalde, EH Bilduk eta EAJk babestuta aurrera egin zuen Martxoaren 8aren bueltan Eudelek aurkeztutako adierazpenak baina EH Bilduk Martxoaren 8a, zaintzen duen herria helburu izeneko mozioa aurkeztu zuen gai zerrendaz kanpo, eta EAJ abstenitu egin zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak