Maddalen Iriarte izango da EH Bilduren hautagaia ahaldun nagusi izateko Gipuzkoako Foru Aldundian, eta Bergaran izan da 2019-2023 legegintzaldian martxan jarri dituzten proiektuak ezagutzen.
Gorka Artola Bergarako alkatea, eta Ainhoa Lete eta Ekaitz Aranberri Udal gobernuko kideak izan ditu alboan, eta, besteak beste, azoka biziberritzeko proiektua, Arrizuriagako kultur proiektua eta emakumeen txokoa, jolas-parke inklusiboak, Zubieta-Masterreka kalearen berrurbanizazioa eta eraldaketa sozialerako Ehundu bulegoa ezagutu ditu.
Haren arabera, "askotariko beharrei erantzuten" ari dira, abiapuntua "betiere pertsonengan" jarriz, eta baita "periferiak erdigunean" ere. "Herritarrak erdigunean jartzen dituen egiteko modu bat da, eta EH Bilduren udaletan aurrera eramaten dena. Guk ekainetik aurrera Gipuzkoako aldundira eramango duguna".