Mikel Soto: "Izugarria izan da Brigade Locorekin bizitakoa, ahaztezina"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko ots. 17a, 17:15

Mikel Soto gitarra-jolea zuzeneko baten, argazkilariari keinu egiten. Argazkia: Brigade Loco.

Brigade Locok festa berezia antolatu du biharko, otsailak 18, Bergarako kartzela zaharrean (18:00), taldea 2017an sortu zenetik gitarra-jole nagusi izan den Mikel Sotoren azken kontzertua izango delako biharkoa: "Izugarria izan da, ahaztezina; bidelagunekin geratzen naiz".

Beste asteburu mugitu bat dator kartzela zaharrean, eta, bereziki pandemiako neurri murriztaileak bertan behera geratu zirenetik, badira asteburu batzuk dagoeneko. Joan den egubakoitzean, esaterako, Bulego taldeak umez, nerabez eta haien guraso eta senitartekoz goraino bete zuen gaztetxea.

Goraino beteko da bihar ere, otsailak 18; kasu horretan, Bergarako Brigade Loco taldearen jarraitzailez. Izan ere, talde 2017an sortu zenetik taldeko gitarra-jole izan den Mikel Sotori "agur borobila" egingo diote. Kartzela zaharreko ateak 18:00etan irekiko dituzte eta oholtza gainean izango dira Brigade Locorekin batera bospasei urteotan gertukoenak izan diren musikariak. Sarrerak lau orduan agortu ziren.

Soto: "Ez da erabaki erraza izan"

Oholtza gainean gitarrari soinu zorrotza ateratzen erosoago sentitzen da Soto elkarrizketatua izaten baino. GOIENAri esan dio "ondo" dagoela, baina eguna gerturatzen joan ahala "apur bat" urduritzen doala: "Ez da erabaki erraza izan taldea lagatzea. Denbora luzez pentsatu dudan zerbait izan da eta, bereziki, azkenaldian ideia bueltaka nuen buruan. Azkenean, buruak esan didana egitea erabaki dut; esango nuke bizitzako beste momentu baten nagoela eta beste gauza batzuk probatu nahi ditudala. Azken urte hauek agertokietan pasatu ditut, hein handi batean, eta esan beharra daukat oso gustura ibili naizela taldearekin. Hala ere, mundu honetan ari garenok badakigu nolako lana eta esfortzua ere eskatzen duen...".

Gaztetxeko ateak 18:00etan irekiko dituzte; lau ordutan agortu ziren sarrerak

Zapatura begira "azaltzeko zailak" diren sentsazioak ditu bihar arte taldeko gitarra-jole izango denak: "Oso egun berezia izango da. Bai niretzat eta baita gainerako taldekideentzat ere. Urduritasuna sentitzen dut, baina sekulako gogoa, aldi berean. Egun arraroa izango da; nik hartu dut lagatzeko erabakia, baina ez da erraza Brigade alde batera uztea...". Alde horretatik, izugarri gustura dago bost urteotan bizitakoarekin: "Izugarria izan da, ahaztezina. Betidanik nahi izan dut talde bat izan eta kontzertuak eman. Eta Brigade-k hori eskala handian eman dit. Bidean ezagutu dudan jende guztia... Horrekin geratzen naiz, bereziki, bidelagunekin".

Lekukoa hartuko diona hurrengo astean jakinaraziko dute

Taldeko baxu-jole Oier Aperribairen arabera, 2022. urtearen amaieran eman zien aditzera Sotok taldea utzi nahi zuela: "Ordutik eman dituen kontzertuak taldeak beste gitarra-jole bat aurkitzeko prozesuari begira eman ditu. Hurrengo astean egingo dugu publiko nork hartuko dion lekukoa Sotori; orain arte bost izan gara Brigade-n, baina aurrerantzean sei izango gara. Jotzen egongo ez bada ere, taldeko parte izango da beti".

Zapatuan oholtza gainean eta azpian emozio asko egongo direla dio Aperribaik: "Guretzat oso berezia izango da eta suposatzen dut are bereziagoa izango dela Mikelentzat".

 

Brigade Loco: "Beti izango gaituzu hemen, Mikel"

Otsailaren 1ean sare sozialen bidez iragarri zuen Brigade Locok Mikel Sotok taldea utziko zuela, biharko Sotoren "azken dantza" iragartzearekin batera: "Sei urte pasatu dira 2017ko egun eguzkitsu haietan bostok zarata pixka bat ateratzeko asmoz elkartzen hasi ginenetik. Ez genekien nora eramango gintuen, baina ilusio eta gogoz sartzen genituen orduak eta orduak entsegu-gela txiki hartan. Ordutik, hamaika abentura, bizipen eta lagun ekarri dizkigu bide honek...".

Hori bai, Brigade Locoko familiaren parte izaten jarraituko du Sotok: "Zinez, bizitzan ahaztuko ez ditugun urteak pasatu ditugu zure alboan, eta orain, agertoki azpitik bada ere, sortu dugun familiaren parte izaten jarraituko duzu. Onena opa dizugu zure bizitzako alor guztietan; beti izango gaituzu hemen Mikel, edozertarako. Zure laukotea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak