Lokatza Ziklismo Eskolak iaz hil zen Pello Garitano omenduko du martxoaren 25ean. Eta, horretarako zikloturistendako hitzordua antolatu dute, Gorlako I. Igoera: "Ibilbide motza izango da, baina aldapatsua. Eta, ziklistak mozorrotuta etortzera ere animatu nahi ditugu, Pellori izugarri gustatzen zitzaion-eta mozorrotzea", adierazi dute klubetik.
Lokatzakoek herriko txirrindularitzaren alde horrenbeste lan egin duen Pello Garitanori aitortza egin nahi diote. Hala, haren omenezko proba zikloturista egingo dute martxoaren 25ean Bergaran, eta izaera herrikoia izango duen hitzordua izango da: "Pello bera ere halakoxea zelako, herrikoia". Eta izaera herrikoi hori sustatzeko, izena banaka ematearekin batera koadrilaka –lauko taldeak– ere eman ahal izango da, eta jai giroan gehiago murgiltzeko, txirrindularitza taldetik jendea animatu nahi dute mozorrotuta joateko: "Mozorroek ere frogan presentzia izatea eskertuko genuke, Pellori asko gustatzen baitzitzaion mozorrotzea".
Zortzi kilometrotako ibilbidea
Martxoaren 25ean San Martin plazatik hasi eta Bidekurutzetan San Pedro kalea zuzen hartuta Burdiñateruntz joko du tropelak. Handik Gorlara dena aldapa gora izango da (8 kilometro, eta 530 metroko desnibel positiboa). Izen ematea otsailaren 18an zabalduko dute, eta martxoaren 22 arte egongo da izena emateko aukera. Federatuek 5 euro ordaindu beharko dituzte eta ez federatuek 8 euro (www.kirolprobak.com). Hala, martxa antolatzeko Udalaren babesa izango dute, baina baita herriko beste komertzio askoren babesa ere, eta horri esker euren produktuen zozketa ere egingo dute. "Azpimarratzekoa eta eskertzekoa da izan dugun erantzuna. Hemendik aurrera jendea animatzea besterik ez da gelditzen. Bukatzeko eta froga txukun irten dadin egongo diren lanak ahalik eta ondoen egin daitezen, laguntza eman nahi duen pertsonek helbide elektroniko honetara idaztea besterik ez daukate pellomartxa@gmail.com".