Gaurkotasuneko gaiak, bihotzarekin idatzita

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko ots. 14a, 08:05

Izar Odriozola eta Iker Muruamendiaraz, Errotalde jauregian.

Gaur, martitzena, otsailaren 14an, 19:30ean, Irizar jauregian egingo duten eta guztiontzako zabalik dagoen sari-banaketa ekitaldian banatuko dituzte Jardun Euskara Elkarteak antolatzen duen 31. Amodiozko Gutunen eta Esaldien Lehiaketako bost sariak.

40 gutun eta 70 esaldi jaso dituzte eta pozik daude izan duten harrerarekin; hauxe dio Jardun Euskara Elkarteko dinamizatzaile den Iker Muruamendiarazek: "Gipuzkoatik, Arabatik, eta Bizkaitik jaso ditugu; aurten Iparraldetik ez. Emakumezkoek idatzitakoak dira gehienak, eta, adinari begiratuta, 17 urtetik ia 60 urtera bitartekoak".

Iazko irabazle Iñaki Serranok, Yune Nogueiras Bergarako aktoreak eta Anje Duhalde eta Esti Markez abeslariek osatu dute helduen epaimahaia. "Orokorrean balorazio oso positiboa egin dute idatzien kalitatea eta ekarritako gaiak aintzat hartuta. Egunerokotasuneko gai asko azaldu dira, sentimenduz idatzitakoak eta gordinak".

Irabazle "errepikatzaileak"

Gutunen arloan lau sari banatuko dituzte. "Iñigo Legorburu hernaniarrak jasoko du sari nagusia, 500 euro. Aurrez gure sariketan hainbat sari irabazitakoa da. Nigeriako Hassa arrantzale euskaldunduaren rolean idatzi du oraingoan. Ez zuen irabaztea espero eta oso pozik etorriko da sari-banaketa ekitaldira". Helduen bigarren saria

Belauntzako Amaia Artolak irabazi du, Barkaidazu lanarekin. "Sentimenduzko gutun polita eta gordina, dementzia duen amari idatzitakoa. Aurrez saria irabazitakoa da Artola ere".

Bi sari Bergaran geratu dira

Aranzadi Ikastolako eta Ipintza Institutuko ikasleek osatu duten gazte-epaimahaiak Izar Odriozola bergararrari eman dio Gaztea-saria eta Bergarako Onenarena Aroa Elortzak jasoko du, esklerosi anizkoitzari buruzko Laztana lanarengatik.

Ibon Segura eskoriatzarrak jasoko du esaldi onenaren saria: Zure inperfekzioetan aurkitu dut zugan sekula bilatu ez dudan perfekzioa; zure zalantzek eman didate besteengan aurkitu ezin izan dudan segurtasuna; laburbilduz: maitasuna.

Gaur, martitzena, sari-banaketa

Irabazleak, Jarduneko antzerki taldea eta Eider Elortza musikaria izango dira otsailaren 14an 19:30ean hasiko den ekitaldian. "19:00etan zabalduko ditugu ateak eta gonbidatuta zaudete guztiak".

Izar Odriozola Aristegi (Gaztea-saria irabazlea): "Oso gutun pertsonala aurkeztu dut"

Lau alditan aurkeztu da Izar Odriozola bergararra Jardunen sariketara eta lau sari irabazi ditu.

Zeini idatzi diozu?

Gaixotasun luze baten ostean irailean hil zen nire aitari idatzi diot, oso modu pertsonalean, Izar moduan sinatuta. Aurrez aurkeztu izan ditudan lanak fikziozkoak ziren; honako hau, berriz, barrutik sortutakoa da.

Samur idatzi zenuen?

Ideia batzuk jasotzen joan nintzen eta arratsalde baten segidan idatzi nuen gero. Bukatutakoan amari erakutsi nion eta, gustatu zitzaiola esan zidanez, bidali egin nuen.

Ez zara sari-banaketa ekitaldian izango.

Kanpoan izango naiz, baina lasai, ondo lotuta dut nork hartuko duen saria.

Baduzu gehiagotan aurkezteko asmorik?

Ez dakit; oraingoz, lau sari irabazi ditut dagoeneko eta zapore gozo hori ez nuke kendu gura...

Animatuko zenuke parte hartzera?


Bai, horixe; lehiaketa oso polita da! Maitasun mota askori buruz idazteko aukera zabala eskaintzen du, gainera.

Erlazionatuak

Sentimendu handiz idatzitako gutun gordinak

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023 ots 10 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak