Lian Monserrat-en mural bat Osintxun dago

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko ots. 10a, 08:45

Lian Monserratek uztailean Osintxun egindako murala. (Argazkia: I.A.A.)

2022ko munduko hirugarren muralik onena izendatu dute Lian Monserratek Ondarroan egindako saregileen murala eta artista berak beste mural bat margotu zuen Osintxun; auzotarrak gustura dira, saritutako muralgilearen obra bat bertan dutelako.

Street Art Cities webguneak 2022ko munduko hirugarren muralik onenaren saria eman dio Lian Monserratek –Murales Lian– Ondarroan egindakoari. Gustura hartu du aitortza, baina garbi du jasotako saria harentzat nahiz bere aurretik egon diren guztientzat dela, bidea egin dutela iritzita.

2022an, ordea, Ondarroako murala margotu ostean, Osintxun egin zuen beste bat uztailean, astebetean, Soraluce Kooperatibak Osintxu biziberritzeko emandako dirulaguntzari esker. Leo Argote Osintxuko auzo-elkarteko kidea da, eta, adierazi duenez "harro-harro" daude mundu mailan hirugarren saria eskuratu duen muralgile baten artelana auzoan dutelako.

Antzekotasunak

Leitzan eta Soraluzen egindako muralengatik ezagutzen zuten artista osintxuarrek. Auzoan zegoen ehungintza-enpresa zuen oinarri artistari egin zioten proposamenak, auzotar askok egin baitzuen lan bertan, eta josten ari ziren esku batzuen zirriborroa aukeratu zuten auzotarrek langileei eginiko omenaldi gisa. Osintxuren iragana eta etorkizun koloretsu eta plurala erakutsi nahi zuten, aldi berean, muralean, eta Monserratek eman ditu horren gakoak: "Zati batzuk zuri-beltzean daude muralean; hariak, berriz, koloretan".

Ondarroako muralarekin antzekotasunak baditu Osintxukoak eta egileak ere gaineratu du zentzu bera dutela bi lanek. "Hari solte bat daukazu, eta haustea erraza da. Baina elkartu eta tela josten duzunean, guztia sendo geratzen da", dio. Osintxuarrek ez diote izenik jarri lanari, ezta artistak ere; baina, izen bat jartzekotan, Batasunak egiten du indarra jarriko lioke.

Osintxun beste proiektu bat

Lianek Osintxun muralak egiteko beste proposamen bat dauka; kasu horretan, pilotalekuan egingo lirateke, fabrika zegoen leku berean, baina mitologia izango litzateke gaia: "Pertsonaia mitologikoak, inguru horietako sorginak eta mitologia jaso nahi ditut". Proiektu hori gauzatzeko, baina, Osintxuko auzo-elkartetik adierazi dute Bergarako Udalaren laguntza eskertuko luketela.

Lian Monserraten Ondarroako saregileen murala. (Argazkia: M.L.)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak