Mikel Lete izango da Bergarako EAJren alkategaia

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko ots. 8a, 21:05

Mikel Lete Txintxurreta. Argazkia: Bergarako EAJ.

Bergarako EAJk Mikel Lete aurkeztu du alkategai moduan maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako, gaur arratsaldeko batzarrean bere hautagaitza babestu eta berretsi ostean. Letek "ilusio eta emozio handiz" hartu du kargua: "Ilusio eta ardura handiz hartzen dut alkategai izateko hautagaitza, herritar guztiei entzuteko gogoz eta Bergarak aurrera egin dezan lan egiteko konpromisoarekin".

Bergararrak 62 urte ditu, eta "esperientzia eta ezagutza zabala", EAJren arabera. "Bere ibilbide profesionala enpresetan egin du, eta bertan taldeak gidatzeko ardura izan du. Gainera, Bergara ondo ezagutzen duen herritarra da. Horregatik guztiagatik, batzarrak haren aldeko apustua egin du. Bergarak izan dezakeen hautagairik onena da udalerriak eskatzen duen eta behar duen aldaketaren buru izateko", adierazi dute.

"Akordioak lortzeko gaitasuna eta kemena"

Udal taldeko kideek "hurbiltasuna, apaltasuna, baikortasuna, akordioak lortzeko gaitasuna eta kemena" nabarmendu dute alkategaia deskribatzerakoan: "Talde-lanean sinesten duen pertsona da. Entzuten dakiena eta Bergara maite duen eta konpromisoa adierazten duen pertsona; udalerrian gertatzen denaz arduratzen dena. Gainera, ondo ezagutzen ditu bergararrek beren eguneroko bizitzan dituzten arazoak". Era berean, eskerrak eman dizkiote hautagaiari erronka handi honi heltzeagatik: "Erakutsitako prestasunagatik. Zure konpromisoagatik, eta beti erraztasunak emateagatik, irribarrea ahoan. Pertsona egokiena zara jeltzaleon taldea eta proiektua gidatzeko eta Bergarak dituen erronkei aurre egiteko".

Letek, EAJren arabera, Bergara oparoa, euskalduna eta integratzailea nahi duten pertsona horiek guztiak ordezkatzeko eta kalitatezko bizi-proiektu bat bultzatzeko arituko da lanean: "Ildo horretan, Bergara hobetzeko ahalmen handia duen udalerria dela-eta lanaren eta lankidetzaren bidez oso proiektu garrantzitsuak gauzatu daitezke".

Lete: "Ohorea handia da niretzat"

Onena emateko prest agertu da Lete: "Ohore handia da niretzat Bergararen alde  lan egiteko aukera izatea. Ekimen berriak sustatuz eta herritarren benetako parte-hartzea bultzatuz, modu aktiboan eta helburu bakar batekin: Bergara hobetzea, bergararrekin hartutako konpromisoa betez eta, haien beharrei erantzunez. Emandako hitza errespetatuz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak